Nafarroatik karabana solidarioaren hausnarketa

Mikel Apestegia eta Itziar Bardaji, Greziara karabana: mugak zabalduz ekimeneko kideak 2016ko ira. 2a, 08:00

gutuna

Hamar egun iraun duen “bidaia” berezi honetan hamaika gauza ikusi ditugu. Hainbeste, -eta hauetariko batzuk, ustekabekoak eta krudelak-, non bidaia honetatik inoiz itzuliko ez garela onartu behar dugun. Gure herrira itzuli gara eta sortutako harremanek bertan jarraitzera bulkatzen gaituzte. Lurralde europarrean bizi eta mugitzen uzten digun hautatu gabeko nazionalitatea dugu, hala ere, migratzaileendako eta errefuxiatuendako zentroetan eta muga greziarretan egon nahi dugu elkartasuna eta elkarrekiko babesa biziz. Gure herrira itzuli gara jada, baina gure herria beste herrietako pertsonak onartzen ez dituen Europar Batasunetik eta Espainiatik kanpo egon nahi dugu.

Hamar egun izan dira bidaia eta Thessalonikin burututako “No Border Camp”-en, Europar Batasunaren migrazio politikak salatzea helburu zuen kanpalekuan. Greziako egoera hautatu genuen, bertan politika hauen ondorio kaltegarrienak islatzen direlako, beti ere, Espainiako hegoaldeko muga kriminala atzendu gabe. Aurretik ere barneratze zentro, CIES eta kanpo militarizatuen inguruaz aditu genuelako. Baita errefuxiatuen hainbat kanpalekuren husteaz. Modu berean, gure ekintza elkartasunezkoa izan da eta bertan borrokan dabiltzan kolektiboekin elkarlanean aritu gara. Zirraragarria izan da elkartasun greziarra eta autogestioa martxan ikustea!

Gauzak horrela, helburu horiekin, Euskal Herriko ehun eta hogeita hiru pertsona Bartzelonatik garilaren 16an abiatu ginen,  “Mugak zabalduz” lelopean Estatuko Karabanarekin batuz.

Balantzearen lehenbiziko hausnarketa irten aurretik egina zegoen. Eta pozgarria zen. Estatu osoko 250 pertsona inguru, ia erdia Euskal Herritik, abiatzen ginen. Eta prestakuntza esfortzuan, lagun askoren elkartasuna eta babesa jaso genituen, baita babes ekonomikoa ere. Joan ez zitezkeen pertsonak Iruñean geratu ziren gure bidaia jarraituz eta gure ekintzei oihartzuna emanez. Agurtze ekitaldian Udalak karabanaren harrera ofiziala egin zuen eta alkatea kalean agurtzera batzea keinu sinboliko garrantzitsua izan zen.

Joateko bidaia luzea izan zen. Edozein borrokalarik horrelako igarotzean izan beharreko pazientzia eta antolatzeko gaitasuna frogan jarri zuen. Harrera lekuetan itxoiten gintuzten: Bartzelona eta Milanen. Eta bidean zehar gure estrategiak prestatu eta elkarri banatu genizkion. Nabaria zen ekintzak sortzen zuen begikortasuna. Bartzelonako alkatearen harrera eta enpatia keinu aipagarria izan zen ere.

Hau ere genozidioa da
Manifestazio askotan oihukatutako kontsigna da. Grezian ikus daitekeena eta ezkutaturiko informazioaren atzean dagoenetik susmatu eta imajinatu dezakeguna laburbiltzen du "hau ere genozidioa da" esaldiak. Lurralde greziarraren barnean blokeaturik dauden pertsona errefuxiatuak eta migratzaileak bistaratzea izan da ekintza guztien helburu garrantzitsu bat. Toki desberdinetan daude, baina guztiek komunean hau dute: mugitzeko eta beste herrialde batzuetara lekualdatzeko ezintasuna. Hainbeste aldiz salatu ondoren, Europar Batasuneko estatuek negoziatutako kupo minimo eta ikaragarri txikiak betetzen ez direla birgogoratzeak alferrikakoa dirudi.

Indarrez salatu da ere migratzaile eta errefuxiatuen artean sorrarazi nahi duten banaketa. Hauek mailakatuz eta errefuxiatuek kupoetan sartzeko duten eskubide txiki eta eskasa lehenetsiz. Bestalde, Europar Batasunak Turkiarekin duen akordioa ere salatzen dugu. Interes geo-estrategiko hutsengatik gerrak babestu eta sustatu eta aliantza kriminalak sostengatzen dituzten bitartean, kalteturiko biztanleria Europar Batasunean pixkanaka sartzea nahi dute, eskubiderik existitzen ez diren kontzentrazio esparruetan biziz.

Karabanak errefuxiatu eta migratzaileendako hainbat zentro eta esparru bisitatu zituen. Asaldagarria izan zen barneratze zentro “ofizialetan” ikusitakoa, ez baitziren segurtasun, osasun eta elikatze baldintza minimoak betetzen. Badirudi bizitza duina ez omen dela migratzaile eta pertsona errefuxiatuendako. Gobernuaren indar errepresiboek babestuak, espetxeratze zentro hutsak dira, eta noski, arau urratzerik egin ez duten pertsonak giltzaperaturik dituztenak. Egoera hau gure inguruan dauden CIESetan eta kartzeletan sufritu egiten denarekin alderagarria da. Hauetan ere aldarria berdina da: barneratze zentroak itxi ditzagun! Askatasunaren ukapenaren egoerari, prozedura eta inolako epairik gabekoa, bizirik irauteko gutxieneko eskubideen urraketa gehitu egiten zaio. Etengabe emakumeek haien gorputzarekin jasaten dituzten xantaiak eta eraso sexistak salatzen dituzte. Haurrak dituztenek egoera zailagoak jasan ditzakete.

Kostalde greziarrera iristeko “zortea” izan duten milaka pertsonaren inguruan ari garela kontuan hartzekoa da. Bidean milaka pertsona hil egin dira ur Mediterraneoetan. Egun fosa komun handienetakoa bilakatu da hainbeste zibilizazioren erreferentzia izan den eta milaka urteko kulturek zeharkatu duten itsasoa. Atzerritartzat eta atzerriko kulturetakotzat hartzen dituzte haien herrialdeetan mugitzen ari badira ere, eta AEBko, Frantziako, Espainiar Estatuko armadek bai eta haien armada propioek setiatzen dituzten bitartean.

Mingarria izan zen ohartzea errefuxiatutzat hartu dituzten pertsona ugari, blokeo eta barneratze bortxatuaren egoera pairatuta, haien herrialdeetara itzultzea beste irtenbiderik ikusten ez zutelako. Gatazkak, gerrak, mota guztietako erasoen mehatxuak jasanda ere, haien jatorrizko herrialdeak seguruagoak direla uste dute. Hau bai ez genuela espero.

Bakarrik barneratze behartuko zentroen inguruan bereak eta bi esan eta biziezintasun egoera  salatzeko aukera izan genuen arren, zentro okupatu eta autogestionatuen funtzionamenduak aho bete hortz utzi gintuen. Elkartasun internazionalistaren parte diren ehunka aktibistak babes egoeran dauden pertsonei harrera egiteari ekin diote planteamendu eta kudeaketa alternatiboen bidez. Zentro hauek errefuxiatuen egonaldia modu praktikoan nola kudeatu daitekeen islatzen dute, lehenbiziko momentu dramatikoetan bederen, barneratze zentroen aurrean txanponaren beste aldea erakusten ziguten. Horregatik izanen da ez zutela zalantzarik izan Thessalonikiko akanpada akitu eta hiru zentro okupatu husteko. Eta burutzen duten huste bakoitzak beharturiko kaleratzea ekartzeaz aparte, mota guztietako erasoak kontuan hartuz, bildutako material guztiaren konfiskatzea suposatzen du. Erabilgarri ziren sendagai eta jakiak nola lurperatzen ziren egiaztatu ahal izan dugu. Arropak ere konfiskatu zituzten. Modu honetan, pertsonak zentro eta kanpaleku militarretan sartzen dituzte haien biziraute bidaian gorde dituzten gauza gutxi horiek ere eramateko aukera eman gabe. Hauetako huste batean ehun atxilotu baino gehiago ziren. Hauen artean karabanako bi nafar. Momentu horretan bertan gertatutakoa salatzeko mobilizazioak martxan jarri ziren. Eta berriro ere, “elkartasuna ez da delitua” oihukatu behar izan genuen.   

Nahiz eta albistegietan kontatutako historia asko ezagutu, batzuetan, bertan egon eta honako eskubideen urraketa egiaztatzeak eta ikusteak gure barneak astindu ditu. Bai, ezagutzen genuena baina larriagoa da egoera. Amorru eta haserre handia sentitu dugu. Amorru duina dela esaten omen da. Baina ez, hori baino askoz gehiago da. Gobernuen kontra enbaxadetan manifestatzea eragin zigun amorrua eta haserrea da –Alemaniakoan, Suitzakoan Txapartegi euskaldunarekin elkartasunean, Espainiakoan bere egoitza diplomatikoan harrera egitearen ezezkoaren aurrean. Borrokan bilakaturiko amorrua da, horrela, errefuxiatu egoeran dauden ehunka pertsonarekin batera “migratzailearen harrotasuna” aldarrikatu genuen: “migratzea eskubide bat da, ez pribilegio bat.”

Aurrera begira: elkartasuna
Izaera politikoa duen eta gure gobernuen politikak salatzen dituen elkartasun aktibo eta kolektiboaren ideiatik abiatzen gara. Itzultzerakoan berretsi genituen ideiak dira honako hauek.

Errealitatera hurreratu nahi genuen ikutzeko eta orain, gure historia kolektiboaren parte bilakatu da. Egunero pertsona hauek eta haien egoera gogoratuko ditugu.

Europar Batasunak aurrera eraman dituen migrazio politikak salatu nahi genituen, oraintxe bertan, lurralde greziarrean ematen dena. Egunero politika hauek errefusatzea indarrean jarriko dugu eta, gure kasuan, hegoaldeko mugari espresuki aipamena eginez.

Gure elkartasun hurbilena adierazi, enpatian jardun, elkarrekin sentitu eta borrokatzeko emozioak sentitu nahi genituen. Orain gure borrokak haien borrokekin batu ditzakegu; haien aurpegi eta gaizki tratatutako gorputzak gogoan ditugu.

Itzuli eta ikusitakoa eta sentitutakoa kontatu nahi genizuen. Errefuxiaturik dauden pertsonekin baita migratzaileekin dugun elkartasun sentimendua adierazi nahi dizuegu. Eta modu berean, gure gobernuen politika nazkagarrien aurrean sentitutako gaitzespen sentimendua komunikatu nahi dizuegu. Atzerritartasun Legea indargabetzea, CIESen eraispena eta mugak irekitzea eskatzen dugu beste behin.

Gure herriak guda zibilean eta diktadura garaian jasotako elkartasun internazionalista aurrera eraman nahi dugu. Eta bidaia honetatik elkartasun proiektu, bizitza proiektu eta borroka komunekin indarberriturik itzuli gara.

Elkartasun lan kolektiboa egin nahi genuen, jende internazionalistarekin sareak sortuz, mugak gaindituz eta horretan gabiltza. Karabanan jarraitzen dugu, garilaren 15ean hasitako bidaian murgildurik jarraitzen dugu eta ez dugu itzuli nahi etorri nahi duten pertsona guztiak gurekin egon arte. Haiek ez badaude, ez gaude guztiak.

Artikulua sinatzen dute ere: Dabid Anaut, Xabier Epalza, Asun Fernández de Garaialde, Nagore Gabilondo, Fermín Lezaun,  Iñaki Molina, Julio Villanueva