Irailaren 21ean Alzheimerraren munduko eguna ospatuko da. Data hori 1994. urtean Osasunaren Mundu Erakundeak eta Alzheimerraren Nazioarteko Federazioak aukeratu zuten. Ospakizun honen helburuak dira, batetik, gaixotasunaren eta eragiten dituen ondorio sozio-sanitarioen gaineko informazioa aditzera ematea eta, bestetik, biztanleriaren eta erakunde ofizialen elkartasuna eta laguntza eskatzea.
Alzheimerra ondorio larriak dituen arazo sozio-sanitario bat da. Gero eta kasu gehiago egotea estuki lotuta dago gure gizartearen bizi-itxaropenaren igoerarekin. Sortuko duen dependentziak ez dio bakarrik gaixotasuna daukan pertsonari eragingo, gaixoa zainduko duen familiak ere jasango du. Hori dela eta, Alzheimerrak gizarte osoari eragingo dio eta denon artean egin behar diogu aurre. Denak inplikatu behar ditugu; biztanleria arrunta eta, batez ere, komunitatearen ordezkariak.
Orokorrean adineko pertsonei eragiten dien gaixotasuna denez eta adinarekin bat datozenaren ustetan, hasierako sintomei ez zaie kasurik egiten. Hori horrela, hasierako seinaleei adi egon behar da, izan ere, detekzio goiztiar batek tratamendua ahalbidetuko du eta gaixotasunaren aurreratzea ahalik eta gehien motelduko du.
Gaixoak memoria galduz doaz pixkanaka eta azkenean ez dakite non bizi diren, zailtasunak dituzte bizi osoan zehar hitz egiteko erabili dituzten hitzez baliatzeko, senide eta lagunak arrotzak zaizkie eta laguntza behar dute eguneroko oinarrizko ekintzak aurrera eramateko, hala nola, janzteko, haien burua garbitzeko, diruarekin moldatzeko, paseatzeko... eta azkenik inkontinente bihurtzen dira. Jarrera arazoak ere eragin ditzake gaixotasunak, eta hauek zainketa zailtzen dute eta garapenaren pronostikoa okertzen dute.
Gaur egun, Alzheimerra botiken eta psikoestimulazioaren laguntzaz moteldu daitekeen gaixotasun bat da, baina ez dago sendatzerik. Jakin badakite zenbait faktore kontrolatuta (tentsio arteriala, kolesterola, diabetesa, elikadura osasuntsua, jarduera fisiko eta mentala) gaixotasunaren balizko agertzea atzeratu daitekeela.