Berriz ere hemen gaituzue. SASOIA, Nafarroako jubilatuen elkartea, jubilatu eta pentsiodunekin zerikusia duten berriak, arazoak eta joan-etorriak Guaixeren bidez zabaltzeko prest dago. Udako atsedenaldia eta gero, lanari ekin nahi diogu berriz, indartsu eta gogotsu eta dirudienez, bero eta mugitua dator udazkena. Uda honetan zarata nahiko atera du pentsioen gaiak, erabaki astunak hartzeko bidea atontzen ari direla dirudi; motorrak berotzen ari dira.
Errekak hotsa ateratzen duenean ura daramala esaten da. Ez da gaurko esaera, aspaldikoa baizik; ez da gezurra, egia da. Askotan izan gara esaera zahar honek islatzen duen errealitatearen lekuko. Errekak, ubidetik ateratzen denean sortzen duen zarata zalapartatsua da, beldurgarri eta kaltegarria ertzean bizi direnendako, ikusgarria kuxkuxeatzeko ibaira hurbiltzen direnendako. Nor ez da hurbildu uholde batek eskaintzen duen irudia ikustera.
Azkeneko urte hauetan jubilatuen pentsioak ere zarata asko ateratzen ari dira eta ertzean bizi garenok kalteak jasotzen ari garen bitartean, ez da aurreikusten uholdeak saihesteko asmorik. Alderantziz, uda honetan pentsioen sistemari buruz zabaldu diren berri eta iritziak kezkatzekoak dira, ez lasaitzekoak. Aditu batzuen ustez, pentsio sistema bidegurutze batean aurkitzen da. Etorkizun iluna aurreikusten diote, langile kopurua txikia eta pentsiodunena handia, bizi iraupena luzatzen, pentsio kutxatik atera sartu baino gehiago, konponbide zaila. Betiko kontua, ikuspegi ekonomizista batetik ezinezkoa. Horregatik aldarrikatzen dugu pentsioen arazoa ikuspegi politikotik eratu behar dela, pentsiodunen eskubideak bermatu behar direla: pentsio duinak, osasun zerbitzuak, dependentzia…
Hala ere, beste arrisku bat aipatu nahi dut. Badirudi gu, pentsiodunok, garela egoera honen errudunak. Gero eta jubilatu gehiagok onartzen dituzte goitik zabaltzen dizkiguten irizpide hauek eta jarrera kolaborazionista hau bai izan daitekeela Gobernuaren asmoen lagungarri. Guk ezin dugu horrelakorik onartu, garbi izan beharko ditugu gauzak eta garbi gure eginbeharra. Horretan saiatuko gara. Adi egon.