Hormen lodiera, kolorea, eskala, eguzkiaren dinamika, bizitzaren zentzuaren inguruko hausnarketan eraikitako espazioak, Luis Barraganen arkitekturaren elementuak baino gehiago dira. Hasiera batean ondare iraunkor baten osagaiak dira, moda, ehungintza eta goi mailako joskintza mundutik urruti daudenak.
Barraganen arkitekturan nabarmena den zentzumenen gorespenen bilaketa ardatz hartuta, azkeneko hilabeteetan arkitektoaren izenak pasareletara indartsu egin du salto.
Haren arkitektura moda diseinu berezi batean eman da ezagutzera, eta ehungintza enpresa garrantzitsuenek arkitektoaren obraren irakurketa mistikoa inspirazio hartuta sortzen dituzte euren bildumak, non, forma geometriko puruen eta oinarrizko koloreen erabilera, testura eta bereziki emozioen bilaketa dira ezinbesteko osagaiak.
Arkitekto mexikarraren eraikuntzak oinarri hartuta sortutako diseinatzaile ezagunen lan bildumetako batzuk:
1. LOUIS VUITTON: Louis Vuittonen 2016 udaberri-uda kanpaina arkitekto mexikarraren "Cuadra San Cristóbal" obran inspiratzen da. Arrosa koloreko horma leun eta altuek, jantzi futuristez betetako bilduma monokromatiko partikularra sortu dute. Arkitekturan erabilitako kolore eta eskala jokoen adierazpena da kanpainaren helburua.
2. DANIEL ESPINOSA: Diseinatzaile mexikarrak arkitektoaren obraren geometria puruak erabili ditu Mexican Geometry bilduma sortzeko. Lerro zuzenak eta kolore biziak, minimalismoa goraipatuz.
3. KRIS GOYRI: 2015 udazkena-negua bildumaren izena "Barragan" da. Kanpainak arkitektoaren lan adierazgarrienak omendu nahi izan ditu, non oinarrizko patroi geometrikoak eta mozketa garbiak erabiltzen diren.
4. THOMAS PINK: Gainjarritako kolorezko planoen bitartez Barraganek eraikuntzetan lortzen duen jolas geometrikoaren imitazio dira diseinatzaile britaniarraren 2016 udazken-negu bildumarako proposatutako jantziak.
5. JESUS IBARRA & BERTHOLDO ESPINOZA: Diseinatzaileek Torres de Satelite eraikina omendu nahi izan dute euren bildumaren lehendabiziko 5 jantzietan, non, soinekoei eraikuntza baten zutabe itxura eman dieten.
Del Pozo, LongChamp, Fred Allard para Nine West, Alfredo Martínez edota Akris diseinatzaile ezagunen kanpainetan ere arkitektoaren lanak eragin nabarmena izan du. Artea konposizio bakarrean, bai soinean baita kaleetan ere, kontuan hartzeko sortze-lan guztiz interesgarria.