Ederbidea, bizikleta lotura

Pirinio Atlantiko, Gipuzkoa eta Nafarroako ordezkariak atzo Baionan.

Iruña, Donostia eta Lapurdiko hiriburua bizikletaz ibiltzeko bideen bitartez elkartuko dituen egitasmoak Ederbidea izena du (238 km-ko sarea). Lotura hori Arakil eta Irurtzunen barna eginen da, Plazaolako bide berdearen bidez. Nafarroa, Gipuzkoa eta Pirinio Atlantikoetako ordezkariak Baionan 2016-2019 eperako bizikleta gaineko garraio iraunkorreko proiektua abian jartzeko ekitaldian elkartu ziren atzo. Hiru urteko lanari hasiera eman zioten. Egitasmoak 9,4 milioi euroko inbertsioa du.

Ederbideak jarduteko lau ardatz proposatzen ditu:mugaz gaindiko Plan Ziklista bat prestatzea;  Baiona-Donostia-Iruña batuko dituen ibilbidea osatzea eta txirrindularientzat seguruagoa izatea; eguneroko bizitzan bizikletaren erabileran aurrera egitea eta bizikletaren erabilera sustatzea sentsibilizazio eta prestakuntzako ekintzen bidez. Ederbidea Eurovelo bizikleta ibilbide sarearen barruan dago, Norvegia eta Portugalgo Algarve lotzen dituena. Circuldouceko parte ere bada, Pirinioetako mugaz gaindiko ibilbidea.


Nafarroa
Plazaolako bide berdean oraindik ere egitekoak daude: Bi Haizpeko pasabidea egokituko da (3 bat km); Irurtzun eta Sarasa arteko ministerioaren erabakiaren zain dago. Bost bazkidek sustatu dute Ederbidea Nafarroan. Nafarroako Gobernuarekin batera, Imotzeko Udala; Cederna Garalur; Plazaola turismo partzuergoa; eta Baztan Bidasoa Turismo Elkargoa. Guztira, 2,72 milioi inbertituko dute Nafarroako zatia egokitzen eta sustatzen. Zehazki, Nafarroako Gobernuak 2,4 milioi jarriko ditu, eta handik 1,9 azpiegituretan eta obretan erabiliko dira zuzenean (azterketak, proiektuak, erosketa eta desjabetzeak Nekazaritza Ministerioak Irurtzun-Iruña artean obrak egin ditzan). 1 milioi inguru Bidasoa eta Plazaolako bideak lotzeko erabiliko da eta 860.000 Plazaolako biderako (geltokiak, proiektuak idazteko, desjabetzeak). Cederna Garalur-ek eta Plazaolako Partzuergoak (Arakilgo Udala kide da), bakoitzak, 56.825 euro jarriko ditu.