Errefuxiatuendako material bilketa Etxarrira zabaldu da

Guaixe 2016ko ira. 9a, 11:51

Lehendik Altsasuko Frontoi zeharbidearen 14an udalak duen bajeran jasotzen zen. Orain Etxarri Aranazko udaletxeko estalopeko eskuineko atean ere jasoko da.

Garilaren 17az geroztik AHNA elkarteak, Ayuda Humanitaria Navarra en Acción, errefuxiatuei zuzendutako material bilketa kanpaina martxa zuen Altsasun. Hasieran egunero jasotzen bazen ere ordutegia murriztea erabaki du elkarteak eta, Altsasun, astelehen eta ostiraletan jasotzen dute materiala, 11:00etatik 14:00etara.

Aste honetatik aurrera AHNAko kideak Etxarri Aranazko udaletxeko estalopeko eskuineko atarian egonen dira elkarteko kideak materiala biltzen. Astearte eta ostiraletan izanen da, 17:00etatik 19:00etara. AHNAko kideak euren esker ona azaldu nahi izan diete 10 urtez jantzien banaketan ari diren boluntario etxarriarrei, “errefuxiatuendako material ugari eman digutelako.” Elkartekideek aurreratu digutenez, lastail hasierarako materialez betetako kamioia Calais (Frantzia) errefuxiatu eremura bidaltzeko asmoa dute. Baina materiala Dunkerke, Lesbos eta Idomeniko errefuxiatu eremuetan dauden pertsonendako ere izan daiteke.

Calais
Agorrilaren hasieran egindako zentsuaren arabera eremu hartan 9.100 pertsona bizi ziren. Udaberrian 50.000 metro koadroko eremua erdira murriztu zuen Frantziako Gobernuak. Orduan 7.500 pertsona zeuden Erresuma Batura pasatzeko aukera baten zain. Beraz, espazio txikiagoan pertsona gehiago pilatuago daude gaur egun. Frantziako Gobernuak errefuxiatu eremua guztiz desegiteko asmoa aurreratu du.

Zer biltzen dute
Adin guztietako pertsonendako arroparekin batera, jaio berri eta umeendako beharrezkoak diren jantziak, oinetakoak, txupeteak, biberoiak pixoihalak, jostailuak eta bestelakoak, baita haurrendako eskola materiala ere: koadernoak, boligrafoak, margoa… Errefuxiatu eremuak jakiz hornitu ahal izateko jakiak ere biltzen dituzte AHNAkoek: gailetak, hauts-esnea, umeendako pototxoak… Bestalde, umeak eta haurrak batetik bestera eramateko gurditxoak, motxilak, zakuak, mantak eta besteri ere ongi etorria eginen diete. Migratzaileendako onak izan daitezkeen bestelakoak ere gogoz hartuko dituzte AHNAkoek.