Uda hondarretan

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2016ko ira. 9a, 08:00

kolaboratzaileak

Sanjoanetan argitan su, gauden luzaz alaitsu; ekhigainetik aitzina gaugiro eta garia. Sanpedrotan muturrak bero haritzen plazan… Hala nioen maitea, orduok makurrenak dituk errepidera ateratzeko eta hala ere. Alajaina, Asiron Iruñeko alkatea da, ezba? Bada, aurreneko zezenketan presidentea izan behar eta gustatzen ez bazaizue alde egin Helsinkira egunotan, zer uste zenuten ba?

Esan faborez, esaidazu arren eta otoi, esan gezurra balitz ere Salvador Allendek ez zuela bere burua hil; mila trumoi beltz! Igerilekuko aurtengo megafoniaren ozena jasanezinagoa da aurreko urteetan baino, eta jasaezinagoa dena, ez dute Georgie Dann edo Rafaela Carraren alerik jarri, Lakuntzako festetara joan beharko dugu, geroz.

Ene lürra zelü argi bat da non distiran zilarrezko arraietan/ Jeikitzen zaikün goizanko ekia egün soil edo alaitsüen herrokan/ Ene lürra olerki bat da iraztorra olalde eta soro berdeek alaiki idatzirik/ larrazkeneko ürreek apainturik ühaitzak lüzaz xuxurlatürik…
Jean Pitrauren eta Bidadorren amets puskak osatze bidean ari. Taberna bat irabazpide segurua dela? Jai daukazue gero zeuen negozioetan, eta gainera ongi ikastazue garagardoek eta txanponjaleek kafeek baino diru gehiago ematen dute.

Bai, hain jator, atsegin eta gisakoa ikusten nauzue orain, baina arruntean ni ez naiz horrelakoa, jakina, zakar, oldarkor eta zeharrak izaten naiz/gara, nola esan? Autoimolazioaren jarduna da gurean ohikoena, nire lagun psikologo batek esan zidan.
Eta laster Altsasuko jaiak, udari adio loriatsua egiten dioten egunak. Zuek aukeratu: Puro Relajo edota Gatibu.