Eskultura eta natura gustuko badituzu eta inoiz Portugalera joateko aukerarik baduzu, Europako ekialde estiloko lorategirik handiena bisitatzera gonbidatzen zaitut.
Lisboatik ia 80 kilometrotara, Obidos herritik gertu, Bombarral udalerrian aurkitzen den lorategi eder honek 35 hektareatik gora ditu. Bertan budak, pagodak, terrakotazko eskulturak edota eskultura modernoak topa ditzakegu lorategian barrena antolatuta. Obra izugarri hau sortzeko marmol eta granitozko sei milioi tona beharrezkoak izan direla esaten da.
Talibanek 2001ean, Afganistan erdialdean, Bamiyango bailarako ikur budista guztiak suntsitu zituzten. Sarraski kultural horrekin erabat hunkituta, Joe Berardok egoerari konponbidea aurkitu nahi izan zion. Gandhara artearen ikur hauen suntsitzearen ondorioz, portugesak Jardim da Paz lorategia sortzeko erabakia hartu zuen.
Joe Berardo Portugalgo 10 pertsona aberatsenen artean eta Forbes listaren arabera munduko aberatsenen artean kokatzen den enpresa gizona da. Sektore desberdinetako enpresak ditu, metalgintza, ostalaritza edota ardoaren sektorekoak hain zuzen ere. Horretaz aparte, arte bildumagintzan eragin handiko gizona da. Izan ere, aipatutako artez jositako lorategia duen ardo upategiaz gain, Lisboako Belen auzoan arte garaikideari dedikatutako museo bat du, Museo Coleccao Berardo.
Buddha Eden lorategira bueltatuz, lorategi hau nik hiru zatitan banatuko nuke: Budari dedikatutakoa, terrakotazko soldaduena eta eskultura modernoari dedikatutako espazioa.
Lehenengoan, ongi etorria emango digun urre koloreko Buda erraldoia aipatzekoa da.
Bigarrena, urdinez margotuta dauden 700 terrakotazko soldaduak topatzen ditugu. Lorategian bi multzotan banatuak daude eta bakoitza orain dela 2.220 urte lurperatuak izan zirenen kopia bakarra da.
Azkenekoa, eskultura modernoari eskainitako espazioa. Lorategiaren zati honetan, eskultura modernoak landareekin bat egiten dute, beste lore edo zuhaitz bat izango balira bezala, naturatik sortuak. Benetan, espazio berezia eta interesgarria. Bertan murgildu eta galtzeko horietakoa.