Vuelta Quintanarendako

Guaixe 2016ko ira. 12a, 09:18

Jose Luis Arrietak zuzendutako Movistar Team taldeko Nairo Quintanak irabazi du Espainiako Vuelta, Erbiti eta gainontzeko taldekideen laguntza bikainarekin

Igandean despeditu zen azken urteetako Espainiako Vuelta ikusgarrienetako bat, Nairo Quintanaren (Movistar Team) eta Chris Froomen (Sky) arteko lehia estu eta ikusgarria izan duena. Azkenean Nairo Quintanak irabazi du proba (83:31:28), Formigaleko etapan Contadorren ezusteko erasoari esker, egun horretan egin baitzion ihes Vueltak Froomeri. Nahiz eta erlojupekoan 2:16 galdu, lidergoari eutsi zion kolonbiarrak eta azkenean, sailkapen orokorrean 1:23ko aldea atera dio Chris Froomeri eta 4:08koa Esteban Chavesi (Orica).

Movistar Team taldeak gogoz ospatu du Vuelta irabazi izana. Izan ere, Jose Luis Arrieta uhartearraren zuzendaritzapean, taldeak sekulako lana egin du Nairo Quintana goraino eramateko. Tartean egon da Hiriberriko Imanol Erbiti, talde lan andana egindakoa. Sailkapenean 84.a izan da, 3:16:25era. Quintanak adierazi zuen bere taldeaz “oso harro” sentitzen dela eta “munduko talderik onena” dela.