Reggio Emilia: Haurra ikusgarri egiten duen hezkuntza

Guaixe 2009ko abe. 31a, 12:07

Oihana Gallo San Romanen erreportajea

Reggio Emilia Italia iparraldeko hiria da. Komunismoak eta herri mugimenduak indar handia eduki duten hiria eta emakume mugimenduak bultzatutako esperientziak ugari izan diren hiria da. Horien artean haur eskolen sorrera kokatzen da. Egun mundu mailan ezaguna eta aitzindaria den hezkuntza proiektua da Reggio Emiliakoa eta bertako esperientziaren nondik norakoak azaltzeko 3 sakandar gonbidatu ditugu gurera: Irañetako Irati Beraza, Hiriberriko Amaia Unanua eta Arbizuko Aiora Barandiaran.




“Haurrak eskubide autonomoak dituzten subjektuak dira.
Haurrek kultura propioa sortzen dute.
Hori onartuz soilik
izan ditzakegu premisak
norbanako orori
eta etorkizunerako
herriarentzat bizitza maila
altuagoa”

Loris Malaguzzi

Hiriaren lema “herriarentzat hezi”, ez da lema politiko bat eta ezta eduki kurrikular bat ere, baizik eta parte-hartzearen eta borroka sozialaren tradizio historiko bat.

Reggio Emilia
Reggio Emiliako Udala 1963an hasi zen 3 eta 6 urteko haurrentzako lehen eskolak sortzen. Aurreko esperientziaren jarraipena izan ziren, bai emakume mugimenduek aurrera eramandakoa, edo baita gerra aurretik sortutako eta herrialdean zehar asko hedatutako esperientziena. Loris Malaguzzi da Reggioko hezkuntza proiektua abiarazi eta bultzatu zuena. Pedagogo honek kalitatezko hezkuntza esperientzia bat eratu nahi izan zuen; haurrei entzunez, haurrak errespetatuz eta haurren ahalmenak kontuan hartuz. Egungo Reggio Emiliako haur eskolen ezaugarrietako bat hau da: hausnarketa teorikoen gaurkotasuna eta bilaketaren eta esperimentazioaren garrantzia. Beste ezaugarri batzuk ere baditu: talde lana, tailerrak, herritarren parte-hartzea, giroaren garrantzia,...
Ez dira ideia teoriko hutsak. Egunero-egunero daude haurrak, familiak, hezitzaileak, garbitzaileak eta sukaldariak elkarrekin eta hor sortzen dira elkarrizketa eta elkarbizitza.


Elkarrizketa
Leonardo da Vinci bekari esker 3 hilabetez Reggio Emiliako esperientzia ezagutzeko aukera izan dute hiru sakandarrek: Irañetako Irati Beraza, Hiriberriko Amaia Unanua eta Arbizuko Aiora Barandiaran.

Nola bukatu dute 3 sakandarrek Reggio Emilian? Galduta edo?
Bai. Leonardo Da Vinci izeneko beka batekin. Praktikak atzerrian egiteko beka bat da eta aurten beste askoren artean guri ere eman digute.

Eta zergatik Reggio Emiliara?
Aiora eta Amaia: Guk Haur Hezkuntza ikasi digu Iruñean eta ikasketak bukatuta atzerrian praktikak egiteko aukera geneukan.  
Irati: Nik Gizarte eta Kultura Animazioa ikasi dut eta bi urteko goi mailako zikloa amaituta kanpoan praktikak egiteko aukera zegoenez animatu nintzen. Egia esan, haiek esan ziguten Reggio Emiliara joateko. Guk ez genuen aukeratu.

Atzerrian praktikak egitea egoki ikusi zenuten beraz. Baina zergatik atzerrian?
Hemen daukaguna badakigu. Kanpoan dauden Haur Eskolak ezagutzeko jakin-mina geneukan. Beste esperientzia batzuk ikusi eta ikasteko aukera paregabea iruditzen zaigu.

Eta joan aurretik bazenuten Reggio Emiliako Hezkuntza Sistemaren berri?
Aiora eta Amaia: Guk bai. Hemen, Haur Hezkuntza ikasketak egiten, bi urte hauetan asko landu dugu Reggio Emiliako metodologia.
Irati: Ezagutu bai. Baina ni nahiko abenturazalea naiz eta hala joan nintzen.

Aitzindaria da bertako Hezkuntza Sistema. Ilusio handiarekin joango zineten ez?
Bai. Nafarroan honen inguruan lan egiteko dagoen ilusioa kontuan izanik bai. Ikasteko gogo handiarekin joan ginen eta Haur eskolen bilakaera bertatik ikusi nahi genuen.

Eta nola moldatu zarete hizkuntzarekin?
Bene!!!  Gutxi gorabehera. Moldatu gara.

Nola irudikatu beharko genuke Reggio Emilia?
Reggio Emiliaren barruan kooperatiba ezberdinak daude. Gure kasuan hirurak Totem kooperatiban egon gara baina eskola ezberdinetan.
Aiora eta Amaia: Gu “Ecola verde de la infancia” izeneko eskola batean egon gara; Sesso izeneko herrixka batean. Lixarrengo antzeko herri txiki bat zen eta bertara joateko autobusa hartu behar izaten genuen.
Irati: Ni Reggio Emilia bertako eskola batean egon nintzen. Kooperatiba berekoa.

Noiz eta nola sartu zen Reggio Emiliako hezkuntza sistema berezi hau?
Gerra ondoren Loris Malaguzzik bultzatutako metodologia da hau. Loris Malaguzzi Italiako Corregio herrian jaio zen 1920an. Hezkuntzan lizentziatu ondoren, Reggio Emilian bizi izan zen eta han ikertu, esperimentatu eta burutu zituen haurrekin, gurasoekin eta hezitzaileekin lehen esperientziak. Horren guztiaren ondotik eratu zuen bere lan pedagogikoa eta ikasketa aktiboaren bidez ikastea proposatu zuen. 1946an herri ekimenetik sortutako zortzi eskolekin hasi zen lanean eta gaur egun Malaguzziren lana unibertsala da.

Zertan oinarritzen da?
Malaguzziren printzipio nagusia haurrek bere kabuz ikasi behar dutela da. Helduek ez dute haurra ezertara bideratu behar; behatu egingo dute besterik ez. Esperientzietan oinarritzen den filosofia da berea. Orduan haurrak bizitako esperientziarekin ikasiko du. Adibidez; ez diogu esango material bat nola erabili. Berak nahi duen moduan erabiliko du.

Esperientziei helbururik jartzen al zaizkie?
Esperientzien barruan badira helburuak, baina ez dira helburu kurrikular itxiak edo zurrunak, baizik eta ikasketa pedagogikoko helburuak. Haurraren 100 hizkuntzen teoriarekin lotuta daudenak dira, eta beraz, argi dago askatasun handia dagoela, baina baita erantzukizun handia ere hezitzailearen aldetik. Izan ere, esperientzia arlo eta hizkera anitzetan eta ikasketa askori begira planteatu behar da.

Eta oinarri filosofikotik praktikara goazenean?
Nafarroako zenbait haur eskoletan horrela egiten da lan eta Malaguzziren filosofia eredugarria da. Zentzu honetan oso pozik gaude. Reggio Emiliako Haur Eskolek diru laguntza handiak jasotzen dituzte, materiala eskuratzeko aukera gehiago daukate, etab. Hemen baliabide gutxiagorekin beraiek adina egiten ari gara.

Fisikoki nolakoak dira udal haur eskola hauek?
Eskola guztiek sarrera handi bat daukate eta honen helburua harrera egitea da. Azalpen panelak ikus daitezke sartu orduko eta bertan tailerren inguruko informazioa, argazkiak etab. ikus daitezke. Eskola ataletan banatzen da, hau da, gelatan. Eta gela bakoitzean txokoak daude: atseden txokoa, sukalde txokoa... Estetika asko lantzen duen gauza bat da eta eskolak oso gardenak eta aldi berean koloretsuak dira. Esperientzia pedagogiko on batek harreman ona behar du arkitekturarekin, eta beraz, ingurunearekin.

Eskola eta herria oso lotuta daudela esaten da. Hala da?
Zentzu batean bai. Baina esan beharra dago gauza asko entzuten direla eta errealitatean ez direla ematen.   
 
Haur Eskola hauek ezagutzeaz gain beste zenbait ekimen ere ezagutu zenituzten; Remida zentroa esaterako. Zer da hau?
Sormenezko birziklatze zentroa da hau. Artea eta birziklatzea uztartzen dituen munduko zentro bakarra da eta guretzat oso interesgarria. Fabriketako soberakinak eta hondakinak bildu eta birziklatu egiten dituzte. Haur eskoletako hezitzaileek astean behin hara joan eta “erosketa” egiteko aukera daukate. “Erosketa” diogu, musu truke delako. Denetarik aurki daiteke bertan: botoiak, plastikoa, egurra... Material honekin eskoletan tailerrak egiten dira eta oso erabilgarriak izaten ohi dira.

0-3 eta 3-6 urtetan daude banatuta haur eskolak.
Amaia: Niri 0-3 urteko gela egokitu zitzaidan.
Aiora: Niri 3-4 urtekoa.
Irati: Niri berriz 4-5 urtekoa.

Zer gertatzen da 6 urtetik aurrera? Jarraipenik ba al dago?
6 urtetik aurrera eskola estatalak daude Italian. Eta hor elkartzen dira Reggio Emiliako haur eskolako haurrak, haur eskola estatalekoak, haur eskola erlijiosoetakoak eta eskolatu gabekoak. Derrigorrezko eskolak denak homogeneizatzeko ahaleginak egiten ditu; irakaskuntza bakarra emanez beraien ikasketak bateratzen saiatzen da. Egia esan ez dakigu nola hartuko duten haurrek. Ordura arte beste metodologia bat jarraitu izan badute eta 6 urterekin mahai batean esertzea, irakaslearen agindutara egotea.. gogorra egingo zaie.

Pertsonalki nolakoa izan da esperientzia hau zuendako?
Irati: Sekulakoa. Hasierako egunetan, moldatu arte, Reggio Emilia inguruan ibili ginen eta gero asko mugitu gara. Niretzat oso interesgarria izan da Haur Eskola batean lan egiten nuen lehenengo aldia zelako eta esperientzia oso ona izan da. Bukatzeko; jende guztiari bidaiatzea gomendatuko nioke.
Aiora: Oso ona. Ikasteko eta hemengoarekin alderatzeko balio izan digu. Ni ideia berriekin etorri naiz. Bestalde hango etxean 8 neska bizi ginen eta elkarbizitza oso ona izan da. Oso kontentu nago.
Amaia. Zer esango dut ba!! Oso pozik.

Abentura hau bukatu da. Hemendik aurrera zer?
Oraindik Italiako txiparekin gaude baina aldatu behar izango dugu, hirurak Unibertsitatean ikasten hasi baikara.
Irati: Psikologia Donostian.
Amaia: Lehen Hezkuntza Iruñean.
Aiora: Heziketa Berezia Donostian.

Zorte on hirurei!!!
Eskerrik asko

 ---------------------------------
Sakandarrak Italian
Asko eta asko dira ikasketa bekekin atzerrira ikastera edo praktiketara joandako sakandarrak. Elkarrizketatutako Irati, Aiora eta Amaiaz gain, beste hainbat sakandar Italian barreiatuta izan dira Leonardo da Vinci programari esker. Nuria Barroso Riminin izan da, Maite Salgado eta Nahikari Calderon aldiz Turinen eta Letizia Cantero eta Rakel Fernander Florentzian.