Beraza, Canfranc mendi maratoia irabazteko zorian

Guaixe 2016ko ira. 12a, 14:50

Pablo Villalobosekin lehia estua izan ondoren, bigarrena sailkatu zen uhartearra, 9 segundora. Joxeja Maiza 4.a sailkatu zen eta Ander Unzurrunzaga 6.a

Sakandarrak Canfranc mendi maratoian (43 km, 3.910 m desnibel +)
1.Pablo Villalobos: 6:15:16
2.Jose Luis Beraza: 6:15:25
4.Joxeja Maiza: 6:43:00
6.Ander Unzurrunzaga Iurrebaso: 7:06:51
17.Ander Unzurrunzaga Ganboa: 8:02:30
39.Alvaro Cuadra: 9:07:50
*Oharra: Sailkapenean ez zen korrikalarien jaioterriko daturik ematen eta gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea

Ikusgarria gure mendi korrikalariek Pirinioetan egindako lana. Canfranc herrian 5 lasterketa ikusgarri jokatu dira asteburu honetan: 100 km-ko Canfranc Ultra Traila (8.848 m desnibel +), 80 km-ko Canfranc Ultra Traila (6.515 m desnibel +), Canfranc mendi maratoia (43 km, 3.910 m desnibel +), Canfranc lasterketa (16 km) eta Canfranc jaitsiera km bertikala (3,9 km).

Canfranc maratoi ikusgarrian lehiatu dira zenbait korrikalari sakandar. Antolakuntzak dioen moduan, Canfrankekoa ez da edozein mendi maratoia, desnibel gehien duen munduko mendi maratoa da, 3.910 metroko desnibel positiboa baitu. “Maratoien maratoia” dela dio antolakuntzak, Alpin Ultras taldeak. Bada, Jose Luis Beraza korrikalari uhartearra aipatu maratoia irabazteko zorian izan da, Pablo Villalobosekin lehia estua izan ondoren. Maldan gora aurreratzen zen Uharte Arakilgoa, baina jaitsieratan aurreratzen zitzaion Villalobos. Canfranceko kaleetan sprint estua jokatu ondoren, azkenean Pablo Villalobos gailendu zen (6:15:16), Berazari 9 segundo aterata (6:15:25). Joxeja Maiza etxarriarrak ere lan bikaina egin zuen eta podiumera igotzetik gertu geratu zen, laugarrena sailkatu baitzen (6:43:00). Ander Unzurrunzaga Iurrebaso beteranoak sasoian jarraitzen duela erakutsi zuen, 6.a iritsi baitzen (7:06:51). Helmugara iritsi ziren 100 korrikalarien artean Ander Unzurrunzaga 17.a izan zen eta Aralar Mendi taldeko Alvaro Cuadra 39.a, guztiek primerako lana egin ondoren. Emakumezkoetan Aitziber Osinalde gailendu zen (7:55:23).

“Lasterketa oso gogorra izan da, bana gozamena izan da Pablo Villalobos bezalako txapeldun handi batekin kilometroak konpartitzea. Jaitsieratan aurreratzen zitzaidan eta igoeratan harrapatzen nuen. Azken jaitsiera elkarrekin egin dugu eta berak irabazi du, Espainiako Maratoi txapelduna baita eta hala behar zuelako. Oso kontentu nago. Bigarrena izan naiz, lehen beteranoa eta Moletako igoeran (2.572m) lehena. Sentsazio bikainekin eta izugarri gozatuz. Orain, atseden hartu eta igandeko Uharte Arakil-Beriain Km Bertikalerako sasoian egotea da tokatzen dena” adierazi du Uharte Arakilgoak sare sozialetan.

Bestalde, 16 km-ko proban Santiago Mezquita (2:04:55) eta Monica Mena (2:38:36) gailendu ziren. David Mutiloa 9.a sartu zen (2:28:58). 100 km-ko ultra Ion Azpirozek (17:41:27) eta Jaione Sasietak (25:59:37) irabazi zuten eta 80 km-koa Michel Guilcounek (15:22:56) –ez zen emakumerik agertu.