23. Bizikleta Egunerako izena ematea zabalik

Guaixe 2016ko ira. 13a, 13:11

Irailaren 25ean izanen da, 9:00etan Irurtzundik aterata, Altsasuraino (41 km). Irailaren 19a baino lehen eman behar da izena. Aurten lehenengoz bi geldialdi egingo dira, Egiarretako Itxasperrin eta Uharte Arakilgo Zamartzen, Sakanako aintzinako Donejakue bidea gaia hartuta, horren esanguratsuak diren erromanikoko bi eraikin hauek ezagutzeko

Nobedadeekin iritsiko da aurten 23. Sakanako Bizikleta Eguna, “Sakana bizikletaz ezagutzen” leloa duena. Astelehenean aurkeztu zuten urtetik urtera finkatuagoa dagoen ekitaldia Mank-eko egoitzan. Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak, Mank-eko garapen agente Iker Manterolak, Barranka taldeko Alberto Ocañak, Aralar klubeko Edurne Arkauzek eta Burunda klubeko Jose Antonio Begiristainek eman zituzten azalpenak. Izan ere, Mankomunitateak antolatzen du Sakanako Bizikleta Eguna, baina aipatutako txirrindulari talde horien guztien laguntzarekin eta Irurtzun eta Altsasuko Udalen babesarekin.

“Urtero errepikatzen dugu, baina egia da txirrindularitzarekiko afizio handia dagoela Sakanan, bai txirrindularien aldetik eta baita ikusleen edo zaleen aldetik. Urtean barna txirrindularitza proba asko antolatzen dira gurean, txirrindulari afizionatuak eta profesionalak ditugu, eta klub eta talde garrantzitsuak ere. Horregatik pentsatu genuen, bere garaian, bizikleta egun ez lehiakor bat antolatzea interesgarria izanen zela eta urtetik urtera egun hori egonkortzen eta indarra hartzen joan da” azaldu zuen, hasieran, Amaia Gerrikagoitiak.

Ongi pasatu eta jendea eta gure txokoak ezagutu
Txirrindularitzarekin goiz atsegin bat pasatzea da asmo nagusia, gure eskualdea gurutzatuz, proba ez lehiakor batean eta nahiko erraza den ibilbidea eginez. “Halako erronka modukoa da Irurtzundik atera eta Altsasura iristea, eta tarte horretan gure herriak, kaleak, bideak, zubiak, baselizak eta basoak ezagutuz” nabarmendu zuen Gerrikagoitiak. Bide batez, Sakanako herri ezberdinetako adin ezberdinetako pertsonen arteko erlazioa sustatu nahi da, eta eskualdetik kanpoko parte-hartzaileak ere animatu nahi dituzte proban aritzera. “Ea aurreko urteko 400 partaideak gainditzen ditugun” gaineratu zuen kirol teknikariak.

41 km-ko ibilbideko geldialdiak Itxasperrin eta Zamartzen
Irurtzundik goizeko 9:00etan abiatuko dira txirrindulariak, Altsasuraino heltzeko (41 km). “Gehienetan bigarren mailako errepideetatik ibiliko gara, asfaltoan, eta tarteka pistetara sartuko gara. Aurten Lizarragabengoatik pasako gara. Nobedade moduan, eta Sakanako Garapen Agentziak Sakanako Donejakue bidea ezagutarazteko asmo horrekin bat eginda, Egiarretako Itxasperrin eta Uharte Arakilgo Zamartzen egingo ditugu geldialdiak” aipatu zuen ibilbidearen ardura duen Barranka Txirrindularitza Taldeko Alberto Ocañak. Bertan Sakanako bolondres talde batek azalpenak emango ditu.

Izena ematea: irailak 19
Parte-hartzea dohainik da, baina izena eman beharra dago, autobusak, bizikletak emateko kamioiak eta beste antolatzeko. Irailaren 19ra arte eman daiteke izena, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus) edo herriz-herri zehaztutako tokietan: Arakilgo udala, Irurtzungo ikastetxea eta kultur etxea, Uharte Arakilgo ikastetxean, Lakuntzako ikastetxean, Arbizuko kiroldegian, Etxarri Aranazko ikastetxean eta ikastolan, Bakaikuko udaletxean, Iturmendiko ikastetxean, Urdiaingo ikastetxean, Altsasuko ikastetxeetan –Jesusen Bihotza, Iñigo Aritza ikastola, Zelandi eta Institutua– eta Altsasuko kiroldegian, Olaztiko ikastetxean eta udalean eta Ziordiko udalean.