Josu Etxeberria Arabako Itzuliko liderra

Guaixe 2016ko ira. 14a, 09:15

Horretaz gain, Izarren Proba irabazi zuen Intersport Irabia taldeko iturmendiarrak

Asteburu gozoa izan zen aurrekoa Aralar klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria txirrindulari iturmendiarrarendako. Ostiral gauean Iruñeko Baiona etorbidean jokatutako 71. Izarren Trofeoa irabazi zuen, eta igandean Artziniegan jokatutako Arabako Kadeteen Itzuliko 2. etapan bosgarrena sailkatu zen baina probako lidergoari eutsi zion.

Etapa Julen Arriolak irabazi zuen (1:29:12). Burundako Quesos Albenizeko Ailetz Lasa hirugarrena sartu zen eta bere taldekide Marcos Pison laugarrena. Intersport Irabiako Josu Etxeberria bosgarrena sartu zen, guztiak 38 segundora. Sailkapen orokorrari dagokionez, Josu Etxeberria da liderra (2:45:59), bigarrena, denbora berean, Quesos Albenizeko Marcos Pison da. Bere taldekide Ailetz Lasa (Q.A.) 5.a da, 9 segundora. Imanol Galarza (I.I.) 16.a da, 44 segundora, Unai Villalobos (Q.A.) 17.a, 1:25era, eta Urko Gorriti (I.I.) 22.a, 4:11ra.

Maialen Aramendia Europako Txapelketetara
Igandean Arabako Kadeteen Itzuliko bigarren etapan aritu zen, baita ere, Maialen Aramendia txirrindulari juniorra. 38.a sailkatu zen, 5:44ra. Hurrengo erronka prestatzeko entrenamendu bikaina egin zuen iturmendiarrak. Izan ere, asteburuan jokatuko dira, Plumelecen (Frantzia), Europako Txirrindularitza Lasterketak. Bertan aritzeko hautatu dute Maialen Aramendia iturmendiarra. Zorterik onena opa diogu.


Juniorrak Errioxan
Burundako Quesos Albeniz taldeko juniorrek Errioxako Itzulian hartu zuten parte, 3 eguneko proba. Lehen etapan Asier Etxeberria 13.a sailkatu zen, Juan Riaño 93.a eta Hodei Zia 99.a. Xabier Maizak eta Dani Izquierdok ezin izan zuten etapa bukatu eta Alex Uncillari, erorikoa izan ondoren, okotzan 7 puntu eman behar izan zizkioten.  Hirugarren eta azken etapan soilik Asier Etxeberriak lortu zuen etapa bukatzea eta sailkapen nagusian 8.a izan zen. Asteburuan Tafallan dute lasterketa (65 km).

Txikiak Ziorditik Altsasura
Bukatzeko, eskoletako neska-mutilek Ziordian izan zuten lasterketa. Beroari egin behar izan zioten aurre, bai ginkanan eta baita lasterketetan. Larunbatean Altsasun ariko dira.