Maisu baten fitxan: "egindako delitua: batek daki"

Erabiltzailearen aurpegia Juankar Mugartza 2016ko ira. 16a, 08:15

kolaboratzaileak

“Zuen izenak ezabatuko ditugu eta madarikatuak izango zarete belaunaldiz belaunaldi. Euzkadi deritzoten artifizio hori mapetan marra berdez markatzen duten maisu-maistra guztiak atzerriratuko ditugu.” Halaxe mintzatu zen gerra ondoren El Diario Vasco egunkariko zuzendari eta Gipuzkoako Gobernadore Zibil frankista zena.

“Sikario hauek, Errusiaren morroi hauek bizkarretik erailak izanen dira eta ez dute aurkituko ez eskurik beren begiak ixteko, ez besorik haien hilobiak aitzurtzeko, ezta ahorik ere haien arimaren alde otoitz egiteko”. Halaxe Bizkaiko Prentsa eta Propagandako arduraduna. “Beharrezkoa da terrore giroa sortzea, menperatze sentsazioa argi uztea gure modura pentsatzen ez duten guztiei lepo eginez kezkarik eta zalantzarik gabe. Gure jardunak biziro erasan behar die. Aho beteka edo ahopeka Herri Frontearen aldekoa den orok fusilatua izan behar du.” Halaxe Emilio Mola madarikatua. Aurreko bi aipuak Iñaki Egañaren liburuan aurkitu ditut (Francoren krimenak Euskal Herrian). Hirugarrena, estatu terrorismoari buruzko edozein eskuliburutan.

Joan den astean 1936an Nafarroan eraildako eta errepresaliaturiko maisu-maistrei omenaldia egin zitzaien Magisteritzako Eskola zaharraren ateen aurrean. Nafarroan ez zen gerrarik izan, kolpisten atzeguardia baitzen, baina epaiketarik gabe eraildakoak milaka izan ziren, haien artean 33 maisu-maistrak. Batzuk Urbasako leizean, Otsoportillon, amilduak –Camino Oscoz, sexu erasoak jasan zituena, eta Balbino Bados, Arabako Zalduondo, Galarreta eta Gordoako maisuekin batera–, eta bat Altsasun –Domingo Bados ameskoarra, Olaztin bizi zena–.

Estatu kolpea izan eta bederatzi egunetara Nafarroako Foru Aldundi ilegalak maisu-maistren izendapenak berrikusi behar zirela agindu zuen, mutilak eta neskatilak ez zirela handik aurrera ikasgela berean egongo, Espainiaren batasuna aldarrikatu behar zela, Kristo Erregearen garaipena, autoritatearen nagusitasuna. Hezkuntza Batzar Frankista eratu berriak Zerrenda Beltzak apailatu zituen eta lehenengo 14 exekuzioak berehalaxe gertatu ziren.

Batzarburuak mezu bat bidali zien Nafarroako udal guztiei txosten bat eskatuz: “Jakin behar da ea maisua haur kontzientzietarako nahastaile ote den, hala alde moralean, nola patriotikoan, edo, aitzitik, ea gizon bat den zeinak bere balore moral eta patriotikoengatik duintasunez eraman ote dezakeen Maisu izena”. Honen ondorioz, Altsasuko hiru maisu-maistra maisutzatik bota zituzten: Victor Huarte Razkin –heriotz zigorra ezarri zioten baina ez zuten exekutatu-, Juan Rubio Lezea eta Milagros Fernández Marañón. María Ezkurdia Rekalde etxeko ekonomiari buruzko eskolak ematera behartu zuten. Arbizuko Andres Maiza Lakuntza eta Anunciacion Mendinueta Lazkotz depuratuak izan ziren. Delitua? Batek daki.