Meistrek eta meistrubek

kolaboratzaileak

Irailean sartu berri garenez, garaian garaiari dagokion asmo-berrien zerrendarekin hasiko naiz neu ere, beste askoren modura. Asmoa? Gure bailaran ematen denari erreparatu eta bata bestearen atzetik sortzen diren burutazioekin era honetako letra multzoak harilkatzen jarraitzeko intentzioa.

Gauzak horrela, berriki sartu garen hilabete honi hartzen diodan trazaz arituko naiz, hezkuntza usainaz. Ikasturtea hastearekin batera irailaren 8anAlfabetizazioaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, irakurtzen eta idazten ikasteko eta irakasteko eskubidearen mundu mailako aldarrikapena. Gurean, euskalduntze-alfabetatzea eta analfabeto digitalaren kontua da kezkatzen gaituena.

Jada irakurtzen eta idazten ez dakien analfabetorik ez dagoela uste badugu ere, oraindik nahi baino gehiago dago: munduko biztanleen %16a. Askotxo, ez?  Eta datu horren haritik ezin dugu ahaztu, laurogei urteurrena ospatzen ari garen honetan, Nafarroan garai horretan zegoen analfabetismo tasa %40-50 ingurukoa zela, neska-emakumeetan handiagoa. Ordungo analfabetismoari aurre egiten askotxo zekiten 1936ko kolpe militarraren ondorioz Nafarroan eraildako eta errepresaliatutako maistru-maistrek. Horiek guztiek herritar alfabetatuaren aldeko apustua egin zuten eta berriki merezitako errekonozimendua eta justiziazko omenaldia jaso dute. Tartean dira sakandar meistrubek eta meistrek.

Dena den, errepresioaren biktima izan ziren irakasle horien hezkuntza-jardunean ez dut uste El Florido Pensil antzezlanean eta liburuan azaltzen den irakasteko metodoa eta asmoak zeudenik. Gerra osteko Eskola Nazionala irudikatzen duen antzezlana Iortian ikusteko parada izan duzuenok jabetuko zineten ikusleen artean bazirela diktadura hura larrutik bizi izandako gizon-emakumeak eta ederki gogoratzen zituztela txikitan ikasitako kanta-irakasgai-moralizante haiek –baten bat kantari ere aritu zen–. Baina eskolan bizitako gogortasun hartaz hitz egiteko premia ere antzeman zen, nahiz eta ikuskizunarekin barre algara ederrak bota.

Horregatik guztiagatik, iraileko beste asmoetako bat botako dut, iraganean zein gaur egunean “irakasten” dabiltzanei esker onak ematea, oporraldi luzeak baldin badituzte ere!