“Gurdi Bidearekin, garai bateko mandozainen ofizioa erakustea da nire asmoa”

Alfredo Alvaro eta Maider Betelu 2016ko ira. 16a, 12:44

Josetxo Crespo Zuret, Gurdi Bideko ibiltari sakandarrarekin elkarhizketan.

1.Gurdi Bidea egiten ari zara zure behorrarekin, ezta?

Bai, Señera du izena nire behorrak. 7 urte ditu gutxi gorabehera. Behorrak zaindu behar dira eta bere lana ematen dute, baina une bikainak eskaintzen dizkizute.

2.Gurdi Bidearekin, San Juan baleontziaren errepika egiteko bikea eta alkitrana eramaten ari dira Quintanar de la Sierratik (Burgos) Paisaiara, garai batean bezala, gurdiz. Nola sartu zara abentura honetan?

Betidanik gustuko izan ditut gurdi-abereak. Gurdi Bideko lehen etapan egon nintzen, Quintanar de la Sierra eta Burgos artean, Aste Santuan, eta konturatu nintzen Gurdi Bideak aurrerago Sakanatik egingo zuen tartea aukera ona zela nire behorrarekin zeharkaldia egiteko.

3.Egitasmoa aurretik ezagutzen zenuen?

Bai. Quintanar de la Sierrako Cabaña Real de Carreteros elkartekoek alkitrana eta bikea modu tradizionalean egiten dituzte eta gero gurdietan eramaten dute, lehengo gurdizainek edo orgazainek bezala. Aintzinako ofizio horiek ez galtzeko lan egiten dute. San Juan baleontziaren errepika egiten ari den Albaola elkartekoekin Quintanar de la Sierran egona nintzen aurretik. Boluntario bezala joan nintzen. Pare bat aldiz egon gara modu tradizionalean bikea egiten eta alkitrana egitearen prozesua ezagutzen eta gurdizainen eta bike egileen ofizioen historia ezagutzen. Nabarmentzekoa da Quintanarrekoek bikain hartu gintuztela. Jatekorik eta entretenimendurik ez zitzaigun falta izan.

4.Hortaz, Aste Santuan Gurdi Bidearen lehendabiziko etapa egin, gustatu zitzaizun eta orain beraiekin bat egin duzu…

Bai. Aste Santuan Gurdi Bideko lehen etapa egin zuten, Quintanar de la Sierra eta Burgos artean eta bertan izan nintzen. Agorrilaren 31n ekin zioten atzera bideari, Burgosetik Pasaiara iristeko, Albaolara. Larunbatean (bihar) iristekoak dira. Oporretako aste bat egun hauetan hartzeko gorde nuen, Gurdi Bidearen azken txanpa hau egiteko. Asmoa Andoainera iristea da. Ez dakit Aralartik buelta egingo dudan edo aurrera segi eta Paisaiara iritsiko naizen; ikusi behar.

5.Behorrari zakutuak jarri dizkiozu eta berak darama zeharkaldirako behar duzuna…

Bai, ibilbidea egiteko behar dudana sartu dut: sukaldatzeko gauzak, arropa, behorrarendako pentsu eta olo pixkat…

6.Zu oinez zoaz.

Bai. Cabaña Real de Carreteros elkartekoek garai bateko gurdizainen ofizioa nola zen birsortzen dute eta nire idea da garai bateko mandozainen ofizioa birsortzea edo erakustea. Behorrarekin lan batzuk eginak ditut aurretik, zuhaitz batzuk ateratzen eta beste ibiliak gara, baina zeharkaldian zakutoak zeramatzala nola moldatzen zen probatu nahi nuen.

7.Eta nola erantzun du behorrak?

Hasieran karga mugitu zaio, baina hobeto konpentsatu dut eta uste dut ongi goazela.

8.Aurretik zeharkaldi gehiago egin dituzu?

Bai. Behorra izan aurretik astoak izan nituen eta Aralar eta Urbasa punta batetik bestera gurutzatu ditut.

9.Zeharkaldiak ongi planifikatu beharko dira. Otorduak egin behar dira, ura edan, atseden hartu, lo egin…

Animaliendako bazka lortzea ez da horren zaila, guztia ez baitago ustiatuta eta beti aurkitzen baitute zerbait jateko, ezponden artean edo dena delakoa. Dena den, badaezpada, beti sartzen dut olo edo pentsu pixkat. Garrantzitsuena da ur puntuak ongi lotzea.

10.Zer moduz doa Gurdi Bideko bidaia?

Primeran. Oinez joanda, atseden hartuta eta ura edanez… bikain. Gurdizainekin eguneko 20 km-ko etapak egiten ari gara. Bina idi eta behi pare eramaten dituzte. Behorrarekin akaso kilometro gehiago egin zitezkeen, gehiago estutuz, baina plazerreko bidea da hau.

11.Bidai ona izan dezazuela!

Eskerrik asko!