SEEk gobernuari ibarreko premiak azaldu dizkio

Guaixe 2016ko ira. 14a, 18:53

Jose Antonio Concha, SEEko kudeatzailea; Izarkun Goñi, zuzendari nagusia; Manu Aierdi, kontseilaria; Francisco Lopez de Alda Arrese, SEEko lehendakaria, eta Javier Artetxe, SEEko aholkularia.

Bileran bi aldeek Sakanako Plan Estrategikoa sortzen hasitako aukerak azpimarratu dituzte.

Sakanako Enpresarien Elkarteko (SEE) Jose Antonio Concha, kudeatzailea, Francisco Lopez de Alda Arrese, lehendakaria, eta Javier Artetxe, aholkularia, Nafarroako Gobernuko ordezkariekin bildu ziren atzo. Zehazki, Manu Aierdi ekonomia lehendakari ordearekin eta Izarkun Goñi, Ekonomia eta Enpresa eta Lan Politikako zuzendari nagusiarekin. Elkarrekin Sakanaren egoera aztertu eta etorkizuneko beharrak jorratu zituzten.

SEEko kideek honako gaiak jarri zituzten mahai gainean: hornikuntza elektrikoa (mikromozketak) eta poligonoen egoera (azpiegiturak eta mantentze-lana) eta Etengabeko Lanbide Prestakuntza. Enpresa-ordezkariek azaldu zutenez, 1999-2013 epean enpresen % 15 desagertu ziren (51), eta 2011 eta 2013 artean, aztertutakoen % 50 baino gehiagok kontabilitateko emaitza negatiboak izan zituzten. Horregatik SEEko kideek Nafarroako Gobernuari jadanik ezarrita dauden enpresak babesten eta enpresak erakartzen jarraitzeko beharra helarazi zioten, Altsasun bereziki.

Aierdik, berriz, onartzeko prozesuan dauden planek ibarrean izango duten eraginean erabateko konfiantza duela esan zuen: Nafarroaren Espezializazio Adimentsuaren Estrategia, Ekintzailetza, Energia eta Ekintzailetza. Bileran bi aldeek Sakanako Plan Estrategikoaren balorazio positiboa egin zuten. Lehendakariordeak estrategia horrek Sakanarako eta Nafarroa guztirako duen garrantzia azpimarratu zuen (maila anitzeko gobernantza inklusiboaren eredua, taldekako ekintzailetza sustatzea, enpresen arteko lankidetza-sareak, proiektu pilotuak); izan ere, ekimen hori beste eskualde batzuetan aplika daiteke jarraibide egokien eredu gisa, Lizarradean gertatzen ari den moduan. Enpresari sakandarrek, bide batez, kontseilariari eskerrak ema zizkioten Nafarroako Gobernuarekin lankidetzarako eta komunikaziorako bide bat ezarri izanagatik.