Gurdi Bidea Sakanan

Gurdiak baleontzirantz

Guaixe 2016ko ira. 15a, 19:33

Gurdiak Uharte Arakilgo bidean.

Bide bazterretik, haien aldamenean oinez, geldialdietan, etxeko leihoetatik… Hainbat modutan jarraitu dute sakandarrek Gurdi Bidea. Burgostik eta Pasaiara bikea eta alkitrana eramaten duten gurdien segizioak sakandarren jakin-mina, harridura eta nostalgia piztu zituen. Batzuendako idiek eta behiek gurdia eramaten ikustea berria zelako, besteendako bizitakoak berritzeko aukera izan zen. Baina zeresana eman zuen ere hemen ezezaguna zen abere arrazak. Altuerako menditan egotera ohituta dauden abereak dira eta bero handiekin gehiegi ez sufritzeko etapen irteera aurreratu behar izan zen, 8:00etan beharrean 7:00etan.

Cabaña Real de Carreteros kultur elkarteko kideak hiru uztarrirekin sartu ziren Sakanara larunbatean. Igandean beste bat batu zitzaien eta ordutik bina pare behi eta idi ari dira bidea osatzen. Elkartearen helburua baso eta larre iberikoen balore eta erabilgarritasuna mantendu eta zabaltzea da,   kultura eta etnografia esparruetan. Hala, baso eta abeltzain industriaren eta garraio tranhumantearen memoria berreskuratzen eta zabaltzen lan egiten du.

Izena XVI. mendeko erakunde batena dute, garai batean Gaztela eta Kantauri itsasoa ondasunen garraioan lotu zuen mandazainena. Desagertze zorian dauden idi eta behi menditarren aldeko lana garai bateko gurdi bideen berribiltzearekin lotzen dute. Hainbat ibilaldi egin dute gurdiekin eta orain ametsa betetzen ari dira, Gaztela eta itsasoa batzea.

Albaola
Albaola Itsas kultur faktorian egiten ari dira San Juan baleontziaren errepika, Pasaian. Hara iritsiko da Gurdi Bidea larunbatean. Bidea egiten ari direnen artean Albaolako Mikel Leoz dago. Hark azaldu zigunez, bidea “oso polita, hunkigarria izaten ari da”. Sakanan Albaola ezaguna izatean, “eta mandazainekin etortzean interesa” sortu zuela adierazi zigun.

Gurdietan eramaten ari diren bikearen eta alkitranaren erabileraz galdetu genion Leozi. “Quintanar de la Sierran pinudiak dituzte. Pinu egurretik, alkitrana ateratzen dute; erretxina alkitrana bihurtzen da. Modu tradizionalean egiten dute. Horrekin kalapetatzen da eta babesten da egurra, XVI. Mendean bezala”. Nolako langintza den azaldu zigun: “bi pieza elkartzen direnean, bien artean alkitran kapa bat jartzen dugu. Ontzia bukatzen ari garenean, oholen arteko tarteak betetzeko alkitrana eta kalamua nahastuta sartuko dira. Horrek junta iragazgaitz bat egiten du eta ura ez da pasatzen”.

Baleontziaren martxa
Eraikuntza martxa “oso ona” duela esan zigun Leozek: “gaur egun iritsi gara bigarren kubiertaren alturaraino. Egitura sendotzen hasi gara, bigarren kubiertarekin hasteko. Lehenengoa oso bukatuta daukagu. Ontzia hazten ari da”. Bukatzeko denbora luze gelditzen dela azaldu digu Leozek. Baleontzia bukatzeko aurreikuspenez galdetuta, “gaur egun data finkorik” ez dagoela argitu digu Leozek, gaineratuz: “inork ez dauka inolako konpromisorik. Guk gure buruari 2020 urtea jarri diogu, nahiko data errealista delako. Ordurako itsasontzia bukatuta, aparejatuta, uretara botatzeko bezala izateko”. Garai bateko sokak eta oihalak kalamuz sortzea izanen da beste erronketako bat.

Erlazionatuak