Ondarea azalera ateratzen

Guaixe 2016ko irailaren 16a

Auzolandegikoak Bakaikuko zatian lanean.

“Pixkanaka galtzada agertzen ari da eta ikustean jendea animatzen ari da”. Nicolas Arbizu Gabirondo iturmendiarraren hitzak dira. Bera eta beste hainbat herritar urtean zehar galtzada azalarazteko auzolanetan parte hartzen ari dira. Gainera, Bernoako galtzadan agorrilean antolatu den nazioarteko auzolandegian ere parte hartu du atzerriko hainbat gazterekin batera. “Joan den urteko lanari segida eman diogu, beste 200 bat metro agertu ditugu”. Arbizuk esan digunez, Iturmendiren kasuan 500 metro egitea da asmoa, Dospeloserrekalderaino. Azken karlistadan han hainbat fusilatu zituzten.

Herriaren ondarea berreskuratzeko nahi horretan bat egin dute Etxarri Aranatzek, Bakaikuk (Mandubita eta Galtzamakur aldean) eta Urdiainek. Joan den urteko lanari segida eman diote agorrilaren 15etik 25era. De Amicita gobernuz kanpoko erakundearen bidez Italiako, Errusiako, Frantziako hiruna gazte eta Alemaniako, Espainiako, Turkiako, Txekiako eta Mexikoko bana etorri ziren auzolandegira. 17 eta 28 urte arteko 12 neskekin eta 2 mutilekin batera bertako boluntarioak egon dira ere. Iturmendiko parrokia etxean ostatua hartu dute (egonaldia udalek pagatzen zuten) eta handik herrietara mugitu dira. Aitzurra eta erratza lagun, garai batean Gipuzkoa eta Sakana lotzen zuten harri-bidea argira atera dute.


Galtzadaz
Barnealdea eta kostaldea lotzen zuen bide luzeago baten zatia da Bernoako galtzada. Mandazainak haietan aurrera eta atzera ibiltzen ziren produktuak garraiatzen. Lizarraldetik, Bakedanotik Urbasa zeharkatuz Iturmendira iristen den 14 km-ko galtzada dago. Iturmendiko Aritzaga ermitatik Ataun bitarteko Bernoako galtzadak 12 km luze ditu. Azken horren adarrak dira Etxarri Aranazkoak eta Bakaikukoak, Bernoako galtzadarekin Iturmendiko Aizkibel-Mandabita dermioan bat egiten du. 2015eko lanen inguruko albisteen bilduma hemen.