Bankuen esku daude Sakanako 27 etxebizitza

Guaixe 2016ko ira. 18a, 12:24
Pisu blokeak.

Euren jabeek ezin ordaindu izanagatik eta etxegabetzeengatik bankuek Nafarroan 751 etxebizitza dituzte, horietako 27 Sakanan.

Diario de Noticias egunkariak publikatutako erreportaje batean azaltzen denez, bankuek Nafarroan 751 etxebizitza dituzte, horietako 27 Sakanan, euren jabeek ezin ordaindu izanagatik eta etxegabetzeengatik egun euren eskuetara pasa direnak. 5.000 euro eta 894.000 euroren arteko balioaren artean mugitzen dira etxe hauek. Diario de Noticias egunkariaren iturriak  Servihabitat, Rural Kutxa, Banco Popular, BBVA, Laboral Kutxa, Santander, Bankia, Ibercaja, Sabadell, Abanca, Bankinter eta Kutxabank eta beste iturri propio batzuk dira.  

Sakanako 27 etxebizitzak
Aipatu egunkariak ematen dituen datuen arabera, eta alfabetikoki, Altsasun 9 etxebizitza dituzte bankuek (merkeenak 29.000 euro eta garestienak 171.500 euro), Ergoienan 1 (112.200 euro), Etxarri Aranatzen 3 (84.200 euro), Irañetan 1 (141.920 euro), Irurtzunen 3 (72.449 euro), Iturmendin 1 (165.400 euro), Lakuntzan 1 (prezioa zehaztu gabe), Olaztin 1 (62.530 euro), Uharte Arakilen 2 (19:000-52.900 euro), Urdiainen 2 (40.000-72.200 euro) eta Ziordian 3 (56.900 euro).