1936an errepresaliatutako irakasleak omenduta

1936an errepresaliatutako irakasleak omenduta
Irakasle errepresaliatuen senideekin egon zen Uxue Barkos.

Nafarroako Gobernuak bere lana betetzeagatik frankismoaren errepresioa jasan zuten irakasleak omendu zituen larunbatean. 1936ko kolpe militarraren ondoren, Nafarroan fusilatzea, espetxea, garbiketa, errepresio ekonomikoa edo erbestea pairatu zuten 300 irakasle baino gehiago izan ziren.  Haietako 33 erailak izan ziren, tartean Olatzagutian irakasle zen Domingo Bados Garcia. Harekin batera beste 11 sakandar edo ibarrean lan egindako irakasle ezagutu ditugu zerrendan.

Omenaldia gobernua Memoria Historikoaren arloan egiten ari den jardueren barnean sartzen da eta, zehazki, gerra zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria jasandako biktimen aitortzarekin eta erreparazioarekin lotutakoetan. Uxue Barkos lehendakariak horixe gogorarazi zien omenaldian presente ziren irakasle haien senideei. Barkosek kolpisten errepresioak irakasleengan izan zuen eragin zabala nabarmendu zuen. Iruñeko San Jose plazan egin zen omenaldia, han egon baitzen aurreneko Irakasle Eskola Normala. Oroitzapenezko plaka bat jarri zuten han.

Errepresaliatutako irakasleak*
Errotz
Leoncio Urabaien Guindo. Irakaslea araztua izan zen.

Uharte Arakil
Manuel Garcia Rodriguez irakaslea Fuentejalonen (Zaragoza) jaio zen. Juaquina eta Pascualen semea, Amelia de Garrorekin ezkondua zegoen eta lau seme-alaba zituen. Estatu kolpearen ondoren preso sartu zuten eta araztua izan zen.

Lakuntza
Carlos Rodriguez Perez. Irakaslea Lakuntzan, araztua izan zen.

Arbizu
Julian Lapuente Salinas. Ameskoako San Martin herrian sortuta, abertzalea. Irakasleak ezin izan zuen Arbizun lanean segitu.
Andres Maiza Lakuntza. Arbizuarra UGTko kidea, Linzoainen, Erron bizi zen. Irakaslea araztua izan zen.
Anunciacion Mendinueta Lazkoz. Arbizuarra abertzalea zen eta, horregatik, araztua izan zen.
Jaime Olejua Irurtzun. Arbizuarra, Ines eta Cornelioren semea zen. Dorraon bizi zen. Espetxeratu egin zuten.
Soledad Olejua Irurtzun. Herrian bizi zen Ines eta Cornelioren alaba. Abertzalea. Gasteiz aldean ihesean eta estalian ibili behar izan zuen. Ricardo anaia hil eta Jaime preso sartu zioten. Araztua izan zen.

Etxarri Aranatz
Virginia Alonso Peña eta Victoriano Aguado Baza, Marcillara lekualdatuak izan ziren. Arrazoiak: euren ideologia politikoa, elizkoitasun falta eta “Espainiako altxamendu loriatsu nazionalarekiko” zuten jarreragatik. Lekualdatze-zigorra 1937ko irailaren 22an iritsi zitzaien.

Altsasu
Milagros Fernandez Marañon. Herrian irakaslea zen eta estatu kolpearen ondoren araztua izan zen.
Victor Uharte Razkin. Altsasun irakaslea zen eta araztua izan zen.
Juan Rubio Lezea. Irakaslea, preso sartu eta araztua izan zen.

Olatzagutia
Domingo Bados Garcia. Ameskoako San Martin herrian jaio zen 1903ko abenduaren 29an. Marcelino eta Dorotearen semea, ezkongabea zen. UGTko kidea eta Olatzagutian irakasle, herriko zinegotzi izan zen 1933an. 1936ko garilaren 25ean erail zuten.  
Antonio Zubieta Gorriti. Irakaslea zen Olaztin eta araztua izan zen.

*Litekeena da zerrenda honetan irakasleak faltatzea.