Osasunako partidak Beleixe irratian (107.3 FM)

Guaixe 2016ko ira. 16a, 13:49

Eñaut Agirrebengoa.

Euskalerria irratiaren Osasunako partiden zuzeneko berremisioa egingo du Beleixek igandetik aurrera. Eñaut Agirrebengoa eta Iñaki Berastegi sakandarrak daude kazetarien artean

Osasunak Sadarren jokatzen dituen partida guztiak zuzenean jarraitu ahalko dira Beleixe irratiaren (107.3 FM) bidez. Guaixe fundazioak kudeatzen duen Sakanako irrati euskaldunak Euskalerria irratiarekin bat eginen du eta Iruñeko irrati euskaldun horren Osasunako zuzeneko partiden erretransmisioa da Beleixen igandetik aurrera entzungo dena. Euskaraz, jakina. Hortaz, igande honetan, 11:45etik aurrera Beleixe irratiarekin bat egiten dutenek Osasuna eta Celtaren arteko partidaren zuzeneko erretransmisioa entzuteko aukera izango dute.

Agirrebengoa eta Berastegi hizlari
Euskalerria irratiak urteak daramatza Osasunak Iruñean jokatzen dituen partidak euskaraz zuzenean eskaintzen. Juan Kruz Lakastak abilezia handia du lan horretan. Baina berarekin batera bi kazetari sakandar arituko dira partidaren nondik norakoak azaltzen: Guaixeko kolaboratzaile den Eñaut Agirrebengoa kazetari altsasuarra eta Iñaki Berastegi urdiaindarra. “Ideia Iñaki eta biok bakarrik aritzea da, baina momentuz Juan Kruz alboan izango dugu. Esatari lana txandatzen joango gara. Orain arte partida bakarra eman dugu eta lehen zatian Iñaki esatari aritu zen eta ni iruzkinak egiten, eta bigarren zatian alderantziz. Eta hurrengo partidatan ere asmo hori dugu” azaldu digu Agirrebengoak. Lehen erretransmisioko sentsazioak “onak” izan zirela gaineratu du altsasuarrak. “Uste nuen luze egingo zitzaigula eta tarteka zer esan gabe geldituko ginela, baina pentsatzen dut nahiko txukun aritu ginela, zer esana ez zitzaigun falta izan” gaineratu du, irribarrez.

Igandean, 11:45ean, Beleixen (107.3 FM)
Sakandar hauek igandean Osasunak Celtaren kontra duen partida Euskalerria irratiarekin zuzenean nola eskaintzen duten entzuteko, piztu Beleixe irratia (107.3FM).