Garaipenarekin ekin diote denboraldiari Etxarrik eta Lagun Arteak

Guaixe 2016ko ira. 19a, 13:42

Preferente maila. 1.jardunaldia: Etxarri Aranatz 2 – Artajones 1 / Lagun Artea 1 – Rotxapea 0

Hasi da preferente mailako liga eta gure taldeek primeran ekin diote denboraldiari. Etxarri Aranatzek Artajonés taldea hartu zuen San Donato futbol zelaian, euriak eta haizeak baldintzatutako jardunaldian. Lehen zatian Etxarri Artajonés baino hobeki aritu zen, baina, nahiz eta gol aukerak izan, ez zen markagailua mugitu. Bigarren zatia hasi eta berehala Xabatek Etxarri aurreratu zuen, jokaldi bikaina borobilduz. Artajonés saiatu zen, baina ez zuen lortu. Goikoetxeak Etxarriren bigarren gola sartu zuen 71. minutuan eta orduan esnatu ziren Artaxoakoak. 81. minutuan Villavak Artajonésen lehen gola sartu zuen, baina ezer gutxi gehiago egin izan zuten bisitariek, Etxarriren 2 eta 1-eko garaipenarekin despeditu baitzen partida.

Lakuntzan ere garaipenarekin ekin diote denboraldiari. Rotxapearen kontra jokatu zuen Lagun Arteak larunbatean Zelai Berrin, euripean. Parez pare aritu ziren bi taldeak eta nahiz eta biek aukerak izan, markagailua ez zen mugitu 55. minutuan Anderrek Lagun Artearen aldeko gola sartu zuen arte. Hala ere, partidak bere horretan jarraitu zuen, bi taldeek aukera gehiago izan zituzten, baina Lagun Arteako jokalariek atea ongi zaintzen jakin zuten, 3 puntuei eusteko.  

Preferente mailako lehen multzoko liderra Lezkairu da (3 puntu). Etxarri Aranatz bosgarrena da (3 puntu) eta Lagun Artea seigarrena (3 puntu). Asteburuan Donezteberen kontra ariko da Etxarri eta Artajonés izango du aurkari Lagun Arteak

Altsasu asteburuan hasiko da
Asteburuan hasiko da erregional mailako 2016-2017 liga. Aurreko denboraldian 9. postuan despeditu zuten liga altsasuarrek eta aurten gorago egotea nahiko lukete, preferente mailara igotzeko. Erregional mailako lehen multzoan arituko da Altsasu, Aurrera, Beti Kozkor, Amaia, Ardoi, Lagunak, Pamplona, Salesianos, Gazte Berriak eta San Jorge taldeekin batera. Ligari etxean ekingo dio, irailaren 25ean, Dantzalekun, Amaiaren kontra jokatuz.