Beste gertakari larri bat espetxe bidean

Erabiltzailearen aurpegia Etxerat 2016ko ira. 23a, 08:10

kolaboratzaileak

Duela bi aste, goizeko lauretan, Guardia Zibilaren kamuflatutako bi auto agertu ziren bat-batean. Armak leihatilatik aterata, Kordobara bisitak egitera zihoan euskal preso politikoen senideen furgoneta geldiaraztera derrigortu zuten autopista erdian. Furgonetan zeuden sei pertsonek ikusi zuten nola armak eskuan zituzten lau agente korrika hurbiltzen zitzaizkien. Antza oso urduri zeuden agenteak. Ibilgailuko ateak ireki, gidariari pistola buruan jarri, kanpora atera eta lurrean etzatera behartu zuten. Gauza bera egin zuten bere kidearekin, eskuburdinak jarrita eskuak bizkar atzean jarri zizkioten, eta agente bat bere gainean jarri zen, asfaltoaren kontra mantenduz. Operatibo antiterrorista bat zela oihukatuz, Mirentxin Elkartasun Kolektiboko bi gidariak lurrean geldiarazirik mantendu zituzten, eta pistolekin ere apuntatuz, errepidera ateratzera derrigortu zituzten bidaiatzen zuten lau senideak. Geroago, Guardia Zibilek akats bat izan zela esan eta erretiratu egin ziren. Halere, furgoneta ia ez zuten erregistratu, ezta bidaiariak identifikatu ere.

Gertaera honen indarkeria zuzenean sufritu zuten Mirentxineko bi gidariei elkartasuna adierazi nahi diegu Etxeratetik, eta gure errekonozimendua eskaini, dispertsioaren karga arintzeko egiten duten lanagatik. Indar politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek gure egoeraz jabetu eta horren arabera jardun dezaten behar dugu. Dispertsioa desaktibatzeko euren konpromisoa behar dugu. Egungo kartzela politikaren zigorgabetasuna eta arbitrariotasunei muga jartzeko benetako pausoak eman ditzaten behar dugu.