Japonian, urtero, lanean gehiegi aritzeagatik 10.000 lagun inguru hil egiten dela uste da nahiz eta ofizialki zenbakia 200 lagun baino txikiagokoa izan. Ez, ez dut esan nahi lan istripu batean hilda, baizik eta lan gehiegi egiteagatik sorturiko gaixotasun, estres edo ekintzen ondorioz. Sindrome honi Karoshi esaten diote.
Gehienetan, bihotzeko batek jota izaten da. Sindrome hau, lehen aldiz, 1969. urtean erabili zen, 29 urteko langile baten heriotza azaltzeko. Bihotzeko batek jota, hain zuzen ere. Lanean egondako lan ordu kopuruak ez zuen ondo deskantsatzen uzten eta estresari lotuta, bihotzekoa da ondorioa. Eta gizartea larritzen hasi zen.
Ez da gutxiagorako, zeren hildako kopuruak ez du behera egiten eta Gobernuak ez daki nola geratu. Gainera, esan ohi da, Japonian zure enpresarekiko konpromisoa lan egindako orduen arabera neurtzen dela. Lehiakortasuna basatia da langileen artean, mirespena eta statusa lortzeko. Enpresak gehiegizko lan orduak murrizten eta baita debekatzen hasi dira, baina dirudienez ez da nahikoa, azkenean bata besteari kontrolatzen aritzen direlako ea nork gehiago egin.
Kasu mediatiko pila izaten da egunkaritan. Famatua izan zen 37 urteko autobus gidariarena, enbolia batek akabatu zuena 15 urtez lanean egunero pasa ondoren. 15 urtez inoiz egun bat libratu gabe. Beste bat, bere buruaz beste egin zuen zerbitzari batena, bere gurasoei laguntza eskatu ondoren, lanarekiko zuen beharra eta estresa ezin izan zituelako gainditu. Azkeneko bi hilabeteetan, bere lan orduak baino 280 ordu gehiago lan egin zuen. Hau da, jarraian egunero 10 ordu inguru lan egitea bezala, asteburuak barne.
Ikertzaile, periodista eta aktibista batzuek lan baldintza okerrenak dituzten enpresei “enpresa beltza” saria ematen hasi dira, eta bere buruaz beste egin zuen zerbitzariaren nagusiak, bertako politiko eta dirudun ospetsua dena, bi urtez jarraian jaso du saria, eta bere izateko modua aldatu beharrean, hildakoaren gurasoak mesprezatu zituen azalpenen bila joan zitzaizkionean.
Hala ere, ulertzekoa da ere japoniarrek lan egitea horren barneratua izatea. Bigarren gerrate mundiala galtzean, lanean buru belarri murgilduz bakarrik lortu zuten berriro aurrera egitea, eta horretan bihurtu dira, langile burugogor bikainetan. Lanak eman die gaur egun duten guztia. Dena galdu ondoren berriro lehen mailako herrialdea izatera iritsi direlako jo eta ke lanean.
Baina fede ikaragarria dut haiengan, ziur berriro ere aldatzeko gai direla arazoa konpondu eta aurrera egiteko. Gizartearen eskutik etorri behar duelako aldaketak lehenik eta behin.