39. Arabako Itzulia Josu Etxeberriarendako

Guaixe 2016ko ira. 21a, 10:57

Igandean jokatutako Dulantziko 3. eta azken etapa Quesos Albenizeko Ailetz Lasak ziordiarrak irabazi zuen, baina sailkapen orokorra Intersport Irabiako Josu Etxeberria iturmendiarrarendako izan da

Aralar klubeko Intersport Irabiako Josu Etxeberriak beste trofeo garrantzitsu bat gehitu dio bere etxeko bitrinari. Igandean kadeteen 39. Arabako Itzuliko 3. eta azken etapa jokatu zen Dulantzin. Lasterketa Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa ziordiarrak irabazi zuen, esprintean (1:24:37), baina Josu Etxeberria 6. postuan sartu zen, denbora berean, eta sailkapen orokorrari eutsi zion.

Horrela, Josu Etxeberriak irabazi du 39. Arabako Itzulia (4:10:36), Mario Aparicio (Bici Aranda) eta Jokin Murgialdai (Arabarrak) txirrindularien aurretik. Ailetz Lasa 4.a sailkatu da, 9 segundora, Marcos Pison 8.a, 34 segundora, Unai Villalobos 13.a, 1:59ra eta Urko Gorriti 17.a, 4:45era. Quesos Albeniz izan da probako talde onena.

Larunbatean juniorrekin batera Tafallan
Larunbatean kadeteak eta juniorrak elkarrekin lehiatu ziren, XI. Suministros Urvaca Trofeoan (65 km). Lasterketa Arturo Gravalos (Asesores de Navarra) juniorrak irabazi zuen (1:31:54). Quesos Albenizeko Asier Etxeberria eta Juan Riaño juniorrak 5.a eta 6.ak sailkatu ziren eta Irabiako Josu Etxeberria 10.a sailkatu zen, probako lehen kadetea. Aipatu bi talde sakandarreko gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Beñat Etxezarrea 17.a sartu zen, Alex Unzilla 18.a, Hodei Zia 30.a, Imanol Galarza 31.a eta Xabier Maiza 39.a.