Espainiako bide-segurtasun fundazioak (FESVIAL) publikatu berri duen ikerketa batean ikus daiteke biztanleriaren artean ezezagutza handia dagoela, errepidean droga kontrol bat zertan datzan eta droga mota desberdinek gidatzean duten efektuetaz. Bestalde, biztanleriak alkohola edan edo beste droga batzuk kontsumitu ondoren gidatzea oso arriskutsutzat jotzen dute, gidatzerakoan mobila erabiltzea, segurtasun uhala ez jartzea edo baimendutako abiadura pasatzea baino arriskutsuagoa.
Gidatzerakoan trebetasun desberdinak erabili behar dira. Drogen kontsumoak gaitasun edo trebetasun honetan eragin handia du. Pertzepzioa aztoratzen da, erantzun gaitasuna moteldu... Horretaz aparte, droga bakoitzak pertsona bakoitzean sortzen duen eragina dago eta droga desberdinen nahasketak ere eraginkortasun negatiboa du gidatzeko orduan.
Drogak hartuta gidatzeak ez du soilik segurtasunarekin gidatzeko gaitasuna murrizten, kotxe istripuak gertatzeko aukerak ere areagotzen ditu.
Gidarien artean drogetan positibo ematen duten kasuak oso nabarmenak diren arren, azken urteotan behera egin duela ere esan beharra dago. Arrazoiak kontrol gehiago egotea edota legedi berria izan daitezke, edo agian biztanleriaren kontzientzia handitzen ari dela ere esan genezake.
Urtero droga mota berriak sortu ohi dira –2012-2014 urte bitartean Europan 255 droga berri detektatu ziren–, eta hauen guztien eraginak oso ezezagunak dira biztanleriaren artean. Gidatzeko orduan ezezagunagoak dira oraindik, baina adituek azpimarratzen dutenez, gidatzeko gaitasunean efektuak dituzte.
Badira droga kontroletan positibo ez emateko funtzionatzen duten mito batzuk, oso hedatuak daudenak. Eta hitzak berak dioen moduan mitoak dira; ez dira egia, sinismen faltsuak baizik. Hauek dira besteak beste: ura edatea, kafea hartzea, gidatu aurretik 2 ordu itxarotea, kirola egitea, izerditzea, aho-irakuzketarenbat edatea, gidatu aurretik lo pixka bat egitea, limoiak jatea, edari energetikoak edatea, etab.
Drogetaz hitz egiten dugun moduan, botiketaz ere hitz egin beharrean gaude, gidatzeko gaitasunean ere bere eragina edukitzen baitute askotan. Horregatik, botikaren kaxan begiratu beharko dugu ea gidatzean eragina duen ala ez, medikuari edo botikariari ere galdetu ahal diogu, prospektuan begiratu, botika berri bat hartzerakoan edo dosia handitu diguten lehen egunetan gidatzea sahiestu eta norberarengan botikak duen eraginari erreparatu beharko dugu.