ETB1 ikusgai

Guaixe 2016ko ira. 22a, 08:00

Gaurtik aurrera ETB1 Lurreko Telebista Digital (LTD) ikusteko aukera dago Nafarroan. Euskarazko telebista 26. kanalaren bidez emititzen du, lizentzia zuen enpresa batek hari uko egin ondoren. ETB1ekin batera Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea irratien seinalea iritsiko da etxeetara. ETB1en eta irratien seinalea hartzeko LTD telebistako kanalak berriz sintonizatu beharko dira. Arazorik izatekotan, antenistarekin harremanetan jarri behar da. Bide batez, birsintonizazioa aprobetxatuta, ETBren kanalak urrutiko aginteko lehen postuetan jartzera animatu nahi ditu EiTBk ikus-entzuleak. Sakanan ETB2 analogikoan ikusten segitzeko aukera izanen da. Baina ETB3 inolaz ere ez.  

ETB1en emisioa baimentzen dituen bi foru-aginduak gaur argitaratu ditu Nafarroako Aldizkari Ofizialak. Horri esker euskal erakunde publikoak formalki Nafarroako irrati-maiztasunen espektroa erabili dezake. Hori  Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak garilaren 15ean izenpetutako lankidetza-hitzarmenari esker egin daiteke. Haiei dagozkien seinaleak esleitutako frekuentzietatik zuzenean sartuko dira, eta antenetan ez da inolako lanik egin beharko, ezta kanaleen instalazioan ere. Soilik EiTBri dagozkion LTDko kanalak berriz sintonizatu beharko dira.