Saihesbideko lanen azken ukituak

Guaixe 2016ko ira. 22a, 17:39

Trenbide-pasa kentzeko lanak despeditzear daude.

Agorrilaren 8az geroztik Izurdiagan ez dago trenbide pasarik. Hura kentzeko saihesbideko lanak, ordea, ez dira bukatu. Oses eraikuntza enpresako langileak lanei azken ukituak ematen ari dira. Garbiketa egiten eta makineria eramaten ere hasiak dira. Lanak guztiz despeditu aurretik Izurdiagako Kontzejuko kideak herritarren iritziak jasotzen ari dira. Joan den urteko agorrilaren akaberan hasitako lanek 2,63 milioi euroko inbertsioa eskatu dute.

Ibilgailuek trenbidea ez dute zeharkatu beharrik, eta haren gainetik pasako dira oinezkoak. Horretarako metalezko pasabide bat eraiki da. Auzokideak kexu dira trenbide pasa kendu zenean pasabidea eraiki gabe zegoelako eta horrek buelta handiagoa ematera behartu dituelako aldi batez. Oinezkoen pasabidearen estetikak ere zeresan handia eman du izurdiagarren artean.



Akordioa
Trenbie-pasa kentzeko saihesbidea egiterakoan trafikoa bideratzeko bi borobil egin dira. Haien argiteria gastua Izurdiagako Kontzejuak pagatzea nahi zuen gobernuak. 5.000 euro urtean, Izurdiagako aurtengo aurrekontua 6.900 eurokoa da. Kontzejuak bere bizkar halako gasturik ezin zuela hartu jakinarazi zuen eta aldeek akordioa lortu dute. Herriak bi argindar koadro ditu. Batak, Donibane eta San Migel auzoetako argiteria hartzen du eta, besteak, Geltoki auzokoa. Aldeek adostutakoaren arabera lehenengoaren faktura, gastu handiena duenarena, Izurdiagako Kontzejuak ordainduko du. Bigarrenarena, berriz, gobernuak.

Diru-laguntza
Trenbide-pasa kentzeko lanak baliatuta, Toki Administrazio Departamentuan baimena eskatu ondoren, Arakilgo Udalak Izurdiagako ur-horniketa sarea berritu zuen. Errepide azpian zegoen azpiegitura zaharrak ur ihes ugari izaten zituen. Horniketa behar bezala bermatzeko 68.003,99 euroko inbertsioa egin zuen udalak eta departamentuak udalari orain %70eko diru-laguntza eman diola jakinarazi du.