Matrikulazio datuekin, euskaltegiak luzerako

Guaixe 2016ko ira. 23a, 08:35

Ikasleak instititutura sartzen. Argazkia: artxiboa.

Ikasturtetik ikasturtera Sakanan D ereduan ikasten duten ikasleen kopuruak gora egiten du. Sartu berri garen honetan hamarren bat igo da D eredua (euskaraz, gaztelania ikasgaia), matrikulazioaren %81,5era iritsiz. A ereduan (gaztelaniaz eta euskara ikasgaia) %14,5ean eta B ereduan %4 ari dira (ikasgai gehienak euskaraz, batzuk gaztelaniaz).

Ikasturte berriaren hasierarekin batera Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak hizkuntza ereduka izandako matrikulazioaren berri eman du. D ereduak osasuntsu segitzen du aurreneko bi hizkuntza zikloetan, %80tik gorako kopurua euskaraz ari dira ikasten. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH) muga horretara iristeko 2,5 puntu falta dira (bi urtetan 0,4 jaitsi da). Ikasturte berriko datuei dagokienez, apenas dago aldaketarik. A ereduak hamarren bat galdu du eta, azken hiru urteen modura, B ereduak matrikulazioaren %4ari eusten dio. Hezkuntza eta soziolinguistikako adituek askotan nabarmendu dute azken bi ereduek ez dutela euskara ikastea bermatzen.

Zikloka
Haur Hezkuntzan (HH) dauden 661 umeetatik (aurrekoan baino 8 gutxiago) %84,3k D ereduan ikasten du. Euskarazko ereduak ikasturte batean 1,3 puntu egin du behera, 557 ikaslerekin geldituz (16 ikasle gutxiago, %2,79ko jaitsiera). HHn B ereduak 1,1 gora egin du, matrikularen %7,1 izanik, 47 ikasle (aurrekoan baino 7 gehiago, %17,5eko igoera). Aurreko ikasturtean HHn A ereduan matrikulatuen kopuruak %9tik jaitsi zen. Muga horretatik behera segitzen du, baina bi hamarren gora egin du eta ikasturte berrian matrikulazioaren %8,6 gaztelaniazko ereduan da, 57 ikasle (bat gehiago, %1,75eko igoera).

Lehen Hezkuntzan (LH) euskarazko ereduak etengabe gora egiten segitzen du. Bederatzigarren urtea da goranzko joerarekin eta aurten matrikulatutako haurren %82,3 D ereduan ari da, matrikulazioa 1,1 puntu igo ondoren. Zehazki, 1.128 haur ari dira euskaraz ikasten LHn (27 gehiago, %2,45eko igoera). A ereduak ikasturte batean lau hamarren galdu ditu matrikulazioaren %13,2 eredu horretan izanik, 181 haur (3 gutxiago, %1,63ko jaitsiera). LHn, estreinakoz, B ereduko matrikulazioa %5etik jaitsi da; zazpi hamarren jaitsita %4,5ean gelditu da, 61 haur (10 gutxiago, %14,08ko jaitsiera).

DBHn D ereduak ikasturte honetan hiru hamarren jaitsiera izan du eta euskarazko eredua matrikularen %77,5 bereganatu du, 550 gazte (8 ikasle gutxiago, %1,43ko jaitsiera). A ereduan matrikulazioak hiru hamarren egin ditu gora eta %22,5 dira gaztelaniaz ikasten dutenak, 160 gazte (ikasle bat gehiago, %0,62ko igoera).


Guztira
Datu orokorrei erreparatuta, hiru hizkuntza zikloetan 2.741 ikasle ditugu ibarrean, joan den ikasturtean baino bat gutxiago. Euskara Zerbitzuak emandako datuen arabera, D ereduan ikasleen %81,5 ikasten ari dira, 2.235 ikasle; aurreko ikasturtean baino hiru gehiago. Gaztelaniazkoan, A ereduan, %14,5 daude, hamarren bat gutxiago. Aurreko ikasturtean 400 ikasleen mugatik jaitsi zen A eredua eta hortxe mantentzen da 398rekin (bat gutxiago). B ereduan, azkenik, ikasleen %4 daude,  108 hain zuzen (3 gutxiago).

Hizkuntza ereduen bilakaera              
Ikasturtea Haur Hezkuntza   Lehen Hezkuntza   DBH  
  A B D A B D A D
             %        %           %            %        %          %           %          %
1997/1998 126   24,1   -    - 396   75,9 365   32,5   -   - 758   67,5 168   35,8 301   64,2
2001/2002 111   20,9   -    - 420   79,1 320   28,8   -   - 792   71,2 262   38,7 419   61,3
2005/2006 97    18,2   -    - 437   81,8 278   24,7  - - 876   75,9 235   34 456   66
2006/2007 98   17,5 16   2,9 445   79,6 272   23,3 14   1,2 883   75,5 216   32 460   68
2011/2012 79   11,7 29   4,3 568   84 200   15,8 89   7 974   77,1 176   24,5 542   75,5
2012/2013 85   11,6 34   4,6 616   83,8 201   15,9 67   5,3 995   78,8 178   24,2 557   75,8
2013/2014 68   9,8 45   6,5 583   83,7 195   15 65   5 1.039   80 177   23,4 578   76,6
2014/2015 69   9,9 41   5,9 585   84,2 184   13,9 69   5,2 1.069   80,9 161   22,1 567   77,9
2015/2016 56   8,4 40   6 573   85,6 184   13,6 71   5,2 1.101   81,2 159   22,2 558   77,8
2016/2017 57   8,6 47   7,1 557   84,3 181   13,2 61   4,5 1.128   82,3 160   22,5 550   77,5