Gozatu ederra bizikletan

Guaixe 2016ko ira. 26a, 14:53

23. Sakanako Bizikleta Egunean eguraldiak ateri eutsi zion eta bizikleta festa ederra ospatu ahal izan zuten sakandarrek

Euria zegoen iragarria iganderako eta 23. Sakanako Bizikleta Egunean atera edo ez, zalantza horrekin esnatu ziren sakandar asko. Asko etxean geratu ziren, baina ez zuten asmatu. Izan ere, goizeko 9:00etan Irurtzundik abiatu zirenetik Altsasura 14:00ak ingurunean iritsi zirenera arte, ateri eutsi zion eguraldiak eta inor ez zen busti. “Ordu biak inguruan iritsi ginen Altsasura, pozik, tropel handia. 250 pertsona zeuden aurretik izena emanda probarako, horiei herrietan ibilbidera gehitu eta ibilbidea uzten dutenak gehitu behar zaizkie...  edonola ere, talde polita zen. Eguraldi kaxkarra espero genuen baina ateri eutsi dio ibilbide guztian eta oso kontentu gaude” adierazi zuen Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Sakanako Mankomunitateko kirol zerbitzuak antolatu zuen eguna, Barranka, Aralar eta Burunda txirrindularitza taldeen eta Irurtzungo eta Altsasuko Udalen laguntzarekin. Izena emanda zeudenek goizean goiz hartu zuten autobusa, Irurtzuneraino joateko. Bizikletak kamioietan eraman zituen antolakuntzak. Irurtzundik ekin zioten ibilbideari. Gazte, heldu, gizon, emakume, haur… bizikleta festa ederra izan zen igandekoa. Nobedade moduan, bi geldialdi egin ziren, bata, laburra, Egiarretako Santiago Itxasperrin eta, bigarrena, luzeagoa, Uharte Arakilgo Zamartzen. “Itxasperri Sakanako Donejakue bidearen barruan toki garrantzitsua da. Barrutik erakutsi ziguten eliza. Eta Zamartzen geldialdi luzeagoa egin genuen. Gosaltzen genuen bitartean bertako bizilagunen eskutik azalpenak entzun genituen, oso interesgarriak. Eliza eta museoa ikusi genituen. Sakana bizikletan ezagutzeaz aparte, gure ibilbideak, xendak eta bidexkak ezagutzeaz aparte, aurten ere bertako historia ezagutu dugu. Sakanako Garapen Agentziatik proposatu ziguten, interesgarria iruditu zitzaigun eta horrela gauza gehigo ikasten ditugu” gaineratu du kirol teknikariak.

Beste horrenbeste urte
Irurtzundik Altsasura bitarteko 41 km-ko ibilbide ez lehiakorrean ez zen ezbehar handirik gertatu. “Erorketa txikiren bat zauri txikiren batekin... ohiko kontuak, kezkatzeko moduko ezer” aipatu zuen Gerrikagoitiak.  Altsasura iritsi ondoren, partaideek atzera ere autobusa hartu zuten, euren etxeetara itzultzeko. “Sakanan beti izan da bizikletarekiko zaletasun handia eta agerian dago, Sakanako Bizikleta Egunak izandako partaidetzarekin. Emakumeak, gizonak, umeak, familiak... parte hartzen dute. Normalki pasatzen ez garen bidetxoetatik ibili, naturaz gozatu, euskaraz egin... helburu asko ditugu” nabarmendu zuen. Bizikleta Egunak aurrera jarraituko ote duen galdetuta, baiezkoa erantzun zuen azkar asko. “Sakanako Bizikleta Eguna oso osasuntsu dago. 23 urte  bete ditu eta gure asmoa da gutxienez beste 23 urtez antolatzea”.  

Bizikleta albo batera utzita, Mank-eko kirol zerbitzuak antolatuko duen hurrengo ekitaldi nagusia urriaren 22an izanen da. Orduan jokatuko baita Sakanako Krosa. Aurten Lakuntzak hartuko du Mank-en atletismo proba.