Atzo itzalen erreinuan egon nintzen.
Máximo Gorki
Azken astea itzalen erreinuan igaro dut. Eremu iluna da, beltza. Ez daude leihorik, eta kanpoan ezer ez dagoela dirudi. Askatasunaren esparrua deitu duten honetan, besaulki guztiek bere zenbakia daukate, saio denak aurretik zehaztu dira. Erabakitako orduan argiak piztu, eta giza bakardadeak gerturatzen dira gutxinaka. Iluna heldu artean, hitzekin josten dute gela.
Elkarrizketek ez dute indarrik, itzaletan desegiteko isurtzen dira. Guztiak gaude zerbaiten zain eta ezinegona dasta daiteke. Kanpoan, kalea dago oraindik, baina ezin dugu ikusi; Donostia, baino urrun.
Zehaztutako unean, iluna heltzen da, estaltzen ditu ahotsak. Aurpegiak galtzen ditugu eta izenik gabeko arnas bihurtzen gara. Eremu iluna da, beltza.
Bat-batean izaten da argia, ilunbeetatik bereizten gaitu. Argi itzalen artean kokatuta gaude, eta iluntasunetik zeru-lur berriak jaiotzen dira, kanpora begiratzeko leihoak. Baina kanpoan ez dago Donosti, ezin dugu ikusi. Geografia finkoak desagertu dira; beste nonbaitera begira gaude.
Eta lurraldeak miatzen ditugu, sentzuz jositako paisaiak. Isiltasunean, irudien musika entzun daiteke; soinuaren eztandan, zaporeen dardara ikusi. Itsasoaren gatz itsaskorra atzean utzi eta oihanaren sosegu hezean murgiltzen gara. Eremu iluna da, beltza, eta ez ditu mugarik.
Baina saioa amaitzen da, itzalak desegiten dira. Argitasun berrian, aurpegiak eta izanak berreskuratuta, hitzetatik urrun sentitzen gara batzuk; beste batzuk bizitakoari izen abizenak ezartzen dizkiete: zergatiak finkatu, bideak itxi, gertakizunak azaldu, inkoherentziak salatu…
Eta okurritzen zait agian mintzo diren horiek metrorik gabeko poesia gutxiesten duten berdinak direla, herrialdeen mugak matematikoki marrazten dituztenak eta akaso noizbait erlojuen beharra aldarrikatu zutenak. Itzalen erreinuak ezin du zeharo askea izan: baldintzak behar ditu, hainbat lege.
Eta kanpora irteten gara, eta kanpoan itsasoa dago, baina barruan ere itsasoa zegoen eta itsasoak ez ditu legerik. Eta eguzkia erortzen hasia da, eta itzalen erreinua luzatzen ikusten dugu, baina barruan ere itzalak daude, eta itzalek ez dute mugarik: haiek eta ametsek gurutzatuko dituzte argiak eta logikak zeharkatu ezin dezaketen hormak.
Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi