Lagun Arteak puntu bat ekarri zuen Artaxoatik eta Etxarrik ezin izan zuen ezer lortu Donezteben

Guaixe 2016ko ira. 26a, 15:47

Preferente maila. 1. multzoa. 2. jardunaldia: Artajonés 2 – Lagun Artea 2 / Doneztebe 2 – Etxarri 1

Artajonés eta Lagun Artearen aldeko partidan emozioak pil-pilean iraun zuen bukaerara arte. Lehen zatian indartsu aritu ziren bi taldeak, baina ez zituzten gol aukera argiegiak sortu. Artajonés 30. minutuan aurreratu zen, Villavak jaurtikitako falta indartsu bati esker. Bigarren zatian erritmoak behera egin zuen zertxobait, eta egoera alde aprobetxatu zuen Lagun Arteak, Artajonések zituen gol aukerak huts egiten zituen bitartean, lakuntzarrek markagailuari buelta eman zioten. Berazak berdindu egin zuen eta 90. minutuan, partida bukatzear zegoela, garaipenaren gola sartu zuen Enekok. Garaipena ia ospatzear zeuden lakuntzarrak, baina arbitroak gehitutako denboran, 93. minutuan, berdinketaren gola sartu zuen Artajonesek, lakuntzarren asmoak zapuztuz. Puntu batekin itzuli ziren Artaxoatik.

Etxarri Aranatzek, aldiz, ezin izan zuen punturik ekarri Doneztebetik. Lehen zatian paretsu aritu ziren bi taldeak. 15. minutuan Doneztebek aurreratzea lortu zuen Andonik sartutako golari esker. Etxarrik ez zuen etsi eta atsedenaldia baino lehen berdintzea lortu zuen, Aitorrek sartutako gola medio. Bigarren zatian Doneztebe hobe aritu zen eta partida dominatu zuen. Horrela, 70. Minutuan iritsi zen euren bigarern gola. Etxarrik berdintzeko aukera izan zuen, baina baloi batek langa jo zuen eta ustezko golez kanpoko jokaldi batengatik gol bat baliogabetu zioten. Doneztebek sufritzen jakin zuen eta hiru puntuei eustea lortu zuen.

Lezkairu da preferente mailako lehen multzoko liderra (4 puntu). Lagun Artea seigarrena da (4 puntu) eta Etxarri Aranatz zazpigarrena (3 puntu). Asteburuan Doneztebe hartuko du Lagun Arteak Lakuntzan eta Beriain Etxarrik San Donato zelaian.