Turismoa bai, baina nolakoa?

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2016ko ira. 30a, 08:19

kolaboratzaileak

Uda amaitu zaigu eta gure inguruak lasaitasuna berreskuratzeko premia dauka. Urbasako, Aralarko zein Andiako zelaiek kolore gorrixkak dituzte. Euri gutxi bota du azken hilabeteetan, eta bertan bizitzen egon diren animalia haziendek janari eskasia dute. Gutxika gutxika, artzainek zein abeltzainek beraien ganaduak eta artaldeak menditik jaisten ari dira.

Historiaren parte da abeltzainek zein artzainek egiten duten lana gure ingurugiroa bikain mantentzeko. Sakanaren baliabide garrantzitsuenetako bat, naturala da. Baina ez da bakarra. Baliabide arkitektoniko zein kultural anitzeko eskualdea gara. Eta horren adibide, azken hilabete hauetan gure ingurua bisitatzera etorri diren milaka pertsonak.

Pertsona hauek Sakanako eskualdearen nortasuna dute gustuko, bertatik bertara ikusita. Bada hainbat pertsona urtero bere oporrak gure artean pasatzen dituena. Joan gaitezen Etxarriko, Arbizuko edota Urbasako kanpinak ikustera. Euskal Herriko pertsona askoren bigarren etxea da gurea. Eta pertsona hauek ondo zaintzea ezinbestekoa da.

Orain arte, eskualdeko turismo agenteen arteko ezagutza falta ikaragarria zen. Baina, Plan Estrategikoa medio eta Sakanako Garapen Agentziak erabilitako baliabideak aprobetxatuz, eskualdea nortasun bakar bat eraikitzearen alde agertu da.

Ezinbestekoa da prozesu hau. Batik bat, kontuan eduki behar dugulako, turismoa aberastasun iturri den moduan, zama batzuk ere badakartzalako berarekin. Eta horretarako, denon artean oso ondo pentsatu behar dugu zein izango den Sakanako turismo eredua.

Azken hilabeteetan Donostiara joateko aukera izan baduzue, adibidez, turismoak gorakada izugarria pairatu duela konturatuko zineten. Eta hori da Sakanarentzat nahi dugun turismo eredua?

Guk argi daukagu: ez. Jarrai dezagun eskualdetik turismo jasangarri baten alde lan egiten. Bide onetik goaz.