Jaizkibelen motorrak berotzen

Guaixe 2016ko ira. 27a, 11:07

Garikoitz Flores hirugarrena izan zen, Lopez de Goikoetxea FL mailako hirugarrena eta lehen nafarra eta Mikel Mendinueta probako lehen junior nafarra

Larunbatean jokatuko da Urbasako Igoera, Sakanako motorzaleen festa. Aste bat lehenago beste igoera mitiko baten txanda izan zen, 38. Jaizkibel Igoerarena, hain zuzen. 55 pilotuk lortu zuten proba bukatzea eta 17 erretiratu egin behar izan ziren. Sakanako hiru pilotu lehiatu ziren eta bikain aritu ziren. Joseba Iraola (Demoncar, R34 Plus) izan zen igoerak zituen 5,470 kilometroak azkarren igo zituen pilotua (2:39.538). Garikoitz Floresen barketak (BRC B-49) 12 segundo gehiago behar izan zituen (2:51.299) eta hirugarrena sailkatu zen lakuntzarra, probako lehen nafarra. Iban Lopez de Goikoetxea olaztiarra (R5 GT Turbo) sailkapen orokorrean 20.a sailkatu zen (3:11.219), bere mailan, FL mailan, hirugarrena eta FL mailako lehen nafarra. Eta Mikel Mendinueta arbizuarrak (Peugeot 205 Gti) 36. postuan bukatu zuen (3:23.974), probako lehen junior nafarra.