Industriarako prestakuntza balioaniztun ikastaroa despedituta

Guaixe 2016ko ira. 27a, 14:25
Ikastaroko ikasle batzuk eta hura antolatu zutenak.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren, Nafar Lansareren Iturrondo prestakuntza zentroak antolatuta, Lacunza Kalor Group-ek Altsasun duen lantegiak industria arloko prestakuntza ikastaroa hartu du agorrileko azken astean eta iraileko aurrenekoan. 11 langabe sakandarrek 40 orduko ikastaro teoriko-praktikoa jaso dute: orgatilla (12 ordu), garabia-zubia (12 ordu), plataforma-jasotzailea (8 ordu) eta lan arriskuen prebentzioa (8 ordu). Ikastaroan 18 pertsonek eman zuten izena baina araudiak 11 pertsonendako ikastaroa izatea behartzen duenez, antolatzaileek hautaketa egin zuten. Ikasleek diplomak edota asistentzia agiriak jaso zituzten atzo.

Iturrondoko Amaia Bengoetxeak adierazi zuenez, “prestakuntza modulu balioaniztunak lana bilatzeko baliagarriak izan daitezkeela uste dugu”. Bengoetxeak azaldu zuenez, “arrakastaren ondoren, Altsasuko enplegu bulegoa hainbat arlotan dauden premiak atzemateko lanean ari da, ahal bada udazken honetan bertan industria arloko prestakuntza ziklo berriak eskaintzeko”. Gaineratu zuenez, “eskualdearen industria, lehiakortasun eta zabalkunde testuinguruak ekimenak tokian bertan diseinatzea eskatzen digu, langabeei, langileei eta enpresei babesa emanez”.

Publiko-pribatua
Altsasuko enplegu bulegoko Migel Anjel Jorge Palaciosek “izandako jarreragatik eta emandako erraztasunengatik” eskerrak eman zizkion ikastaroa posible egin duen Lacunza Kalor Group taldeari. Haren ordezkariak, Jose Julian Garziandiak, lantokia “gustu handiz” utzi zutela esan zuen. Arratsaldez aritu direla argitu zuen, lantegia geldi zegoenean. “Ikastaroa ez da ona soilik langabeendako. Enpresendako ona da lantegietara trebatutako jendea iristen delako eta gu ez gaudelako jendea prestatzen”.

Enplegurako prestakuntza lege berriak arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlanean aritzea ahalbideratzen du. Kasu honetan lokalak doan uztea izan zen laguntza. Nafar Lansarek ildo horretan sakondu nahi duela jakinarazi nahi du. Bengoetxeak jakinarazi zuenez, “Sakanan prestakuntza zentrorik ez dagoenez, bertako premiak bertan erantzuteko modua da hau”. Prestakuntza ikasleen bizilekutik ahalik eta gertuen emateaz aparte, prestakuntza bertako enpresen beharretara eta ezaugarrietara egokitzeko. Ikastaroak 2.494,19 euroko aurrekontua izan du.