Desfibriladore ikastaroa egin nahi duzu?

Guaixe 2016ko ira. 28a, 08:55

Urriaren 20an eta 21ean eskainiko da ikastaroa, Uharte Arakilgo udalean

Sakanako Mankomunitateak, CEIM eta Uharte Arakilgo udalaren laguntzarekin, desfibriladorea erabiltzen ikasteko ikastaroa antolatu du urriaren 20an eta 21ean, 16:30etik 20:30era, Uharte Arakilgo udaletxean. Sorosleei, udal langileei, irakasleei eta sorospenetan interesa daukaten edozeini zuzendua dago. Ikastaroan bihotz-birikietako erreanimazioak, itotzeak, epilepsia krisiak, bihotzekoak eta bizia arriskuan jartzen duten egoeren aurrean zer egin eta desfibriladorearen erabilera aztertuko dira, besteak beste.

Desfibriladore ikastaroaren birziklapena urriaren 27an
Arautegiak bi urtero desfibriladore titulua mantentzeko erreziklatze ikastaro bat egitea eskatzen du. Horrela, Nafarroako Gobernuko osasun departenduak emandako titulua daukaten guztiei, Nafarroako Kirol Institutuak 4 orduko ikastaroa eskainiko die Lakuntzan, Mank-en egoitzan, urriaren 27an, arratsaldeko 16:30etik 20:30era.

Izena emateko
Bi ikastaroetan urriaren 11 baino lehen eman beharko da izena, Mank-eko Kirol Zerbitzuan (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.eus). Bi ikastaroetan gehienez 24 parte-hartzailerendako tokia dago, eta beharrezkoa balitz, itxaron zerrenda eginen litzateke.