Udazken koloretan egositako ametsak

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2016ko ira. 30a, 08:00

kolaboratzaileak

Benito Lertxundiren ahots grabea ari da Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren melodia armoniotsu eta konpasatuak lagunduta, sendo, ‘Udazken koloretan, landen lurrinak zehartakuz, hitaz oroit eta higan nauk’…

Astelehenean 35 urte bete ziren aita hil zela eta huraxe izan dut gogoan, eta biharamunean Gudarien eguna izan zen, Txiki, Otaegi eta beste hiru militante ezkertiar fusilatu zituztena, konpromisoaren eta memoriaren eguna, ‘Zuhaitz biluziaren gerizpean orpondoa, orbelaren hilobi, horiz eta gorriz dena lokarturik, dena lokarturik’.

36ko gudan bidegabeki fusilatuen memoria, euskal erakundeen eta estatuaren arteko gatazkaren bortizkeriaz hildakoen memoria, ‘Eskuratu hostoa xume bezain eder, hain soila bere heriotzean, zuhaitz guztiaren bizkortasunez hain betea, non erortze honen duintasunak hiri kantatzera naraman’.

Batzuk askatasunaren alde, besteak askatasun egarri hori legezkotasun kateaz itotzen duen statu quoaren alde, ‘Berriro zuhaitzari so natzaiok, kezkaturik ote?... joate askearen oparotasunean, betikotasunaren irria zirudik. Irria zirudik’.

Euskal herritarren burujabetza demokrazia kontua baita, eta ez balizko negoziazio baten “kostu politikoa”, ‘Gatibu naukan denborak, bere baitan egositako ametsetaz isekaz bailegoan’.

Euskal Herriak bakea eta bizikidetza irabazi behar ditu etorkizuna eraikitzeko eta ametsak bizitzeko. Bestela, zauri mingarriak ez dira orbainduko, eta ez preso eta iheslariak etxeratuko, ‘Udazken koloretan, landen lurrinak zeharkatuz, hitaz oroit eta higan nauk, hain soil hire heriotzean, hain xume, adiorik gabeko partitzean’.