Enpresen barne antolamendua eta lanaren prozedura hobetzen ikasteko

Guaixe 2016ko ira. 28a, 16:58

Enpresen lehiakortasun jardunaldiko parte-hartzaileak.

Enpresa txiki eta ertainetako  gerente eta exekutiboei zuzendutako ikastaroa antolatu da.

Sakanako Garapen Agentziak eta Sakanako Enpresa Elkarteak elkarrekin ikastaro bat antolatu dute: antolamendu eredua eta prozesuen bidezko kudeaketa. Ikastaroaren zati handiena praktikoa izanen da. Sakanako enpresendako aukera ezin hobea da,  “enpresen prozesuen kudeaketa eta beraien sistemen antolamenduak hobetu” dezaketelako. Behar hori asetzeko helburuz antolatu da, beraz, ikastaroa.  

Hpnako ezaugarriak biltzen dituzten interes taldeari zuzendua dago antolaketa eredu hau: antolamendu egitura eta prozesu eskema klabe bat estrategiarekin bat eginda mantentzen ditu; prozesuak hasieratik akabera arte aztertu, sailkatu, lehenetsi eta kudeatzen ditu, bai enpresa barruan eta bai kanpoan ere; prozesu guztietarako adierazle nabarmenak ezartzen ditu; erabakiak ekintza eta zifretan oinarritzen ditu; jendea inplikatuz hobetu eta berritzen du eta prozesuetan dauden arriskuak identifikatu eta kudeatzen ditu.

Tailerra
Bost saio izanen dira. Lastailaren 14an, ostiralean, programa aurkeztu eta helburuak definituko dira. Azaroaren 14an eta 16an, astelehenean eta asteazkenean, enpresaren helburuak definitzeari buruzko prestakuntza teorikoa emanen da. Azkenik, azaroaren 23an eta 30ean, asteazkenez, saio praktikoa eginen da. Saio guztiak 9:00etatik 14:00etara izanen dira.

Parte hartze mugatua
Bost eta hamar enpresa artean onartuko dira soilik. Izen ematea doakoa da. Izena emateko: personal@aesakana.com e-postara idatzi edo 948 468 307 telefono zenbakira hots egin.

Irakaslea
Javier De la Peña Aranguren izanen da irakaslea. Ingeniari Industrial Mekanikoa da, Bilboko ETSIn ikasia. Erasmus beka jaso zuen 1988an. Enpresa kudeaketa proiektuetan aholkularia da 2003tik. Kalitate eta Etengabeko Hobekuntza arduraduna CIE Norma, S.A. eta MATRICI, S.Coop. automozio enpresetan hurrenez hurren, 1999. eta 2003. urteen artean. Proiektuen burua Euskalit Kudeaketa Aurreratuko Fundazio Euskaldunean 1993. eta 1999. urteen artean. Bikaintasunaren Euskalduna eta Bikaintasunaren Nafar sariaren ebaluatzaile 2000. urtetik. UNISBAQ-eko Ingeniari eta Arkitekto tituluen Ebaluatzaile Taldeko partaidea. Bi aldiz hoberen baloratutako irakasle izendatua Euskalit-en kurtsoetan. Euskalit-eko Ebaluatzaile Aditu izendatua 2015ean.