Industrian elkarlanerako lehen urratsak

Guaixe 2016ko ira. 30a, 10:39

Sodenako Sergio Villaba hasi zen azalpenak ematen.

Industrian Elkarlan Esperientziei buruzko jardunaldia izan zen herenegun. Bilkura horretan Sakanako Garapen Agentziako (SGA) energia eta industria arduradunak, Aintzane Iriberri Berrostegietak jakinarazi zuen gaur egun metaleko eta mekanikako enpresa txiki eta ertainen foroa sortzeko aurreneko fasean daudela. Aldi berean, SGA ibarrerako estrategikoak izan daitezkeen proiektuak opatzeko azterketa egiten ari direla aurreratu zuen. Iriberrik Sakanako enpresak eta eragileak “parte hartzera, eta ilusioa eta ezagutza partekatzera” gonbidatu ditu.

SGAk antolatuta jardunaldia Sergio Villaba Sodenako proiektu managerrak zabaldu zuen. Nafarroako Gobernuaren erakunde publikoak bere kluster politika aurkeztu zuen. Sakanarako energiarena eta autogintzarena garrantzitsuenak zirela nabarmendu zuen eta ibarreko enpresak “norabide berean arraun egitera” gonbidatu zituen. Autogintzako klusterra bere arduradun Joaquin Etxenikek eta Daniel Iriartek (Kybseko zuzendari ordea) aurkeztu zuten. Egun dituzten estrategiak eta lan osasun arloan praktika onen ikasketa proiektua azaldu zituzten. Haize sektoreko enpresen elkartea da Nawind eta Nuria Machicot-ek azaldu zuen euren kideak gaur egun India aukera handiak dituen merkatua dela. Elkarteak, bestalde, bazkideak lehiakorragoak izaten eta bezero kartera handitzen laguntzen ari zaiela azpimarratu zuen.

Goierriko garapen agentziako, Goiekiko Niko Errastik GetGoierri Basque Contry markaren bidez eskualdeko enpresa txikiak elkarrekin ferietara nola joaten diren, enpresa handiendako produktuak egitera nola iritsi diren eta atzerrian merkataritza misioak nola egiten dituzten azaldu zuen.Errastik esan zuenez, “etengabe ikastea eta enpresa bakoitzaren gaitasunei balioa ematea garatzeko gakoa da”.

Azkenik, Urola Garaiko garapen agentziako kudeatzaile Itziar Salaberriak kontatu zuen nola jabetu ziren euren eskualdean enpresa traktorea Zumarragako ospitalea zela eta berrikuntzarako trebe zen sektore soziosanitario heldua zutela. Abiapuntu horretatik eskualdean ortoprotesien sektorean proiektu estrategikoa garatu dute. Onbideratu zentroa eta exoeskeleto bat egin duen Gogoa Mobility Robots enpresa dutela azaldu zuen. Epe luzerako dituzten dinamika eta akzioak eskualdeko enpresendako negozio eta dibertsifikazio aukera bihurtu eta eskualdeko langabezia jaistea dute helburu.