Iban Resano txapelaren bila Etxarrin

Guaixe 2016ko ira. 30a, 13:25
Iban Resano, Lakuntzako festetan jokatutako txapelketan.

Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da igandean, 13:00etan, Euskalerriari pilotalekuan. Iban Resano dorrobarra izanen da Sakanako ordezkari bakarra

Iaz Etxarri Aranazko ferietan Nafarroako Lehen Mailako Aizkora Txapelketako final handia jokatu zen, aurreko urteetan bezala. Floren Nazabal aizkolari handia aritu zen bertan. Lehiatzen ari zela berriro bizkar-hezurreko oinazeak sumatzen ari zen etxarriarra. Iker Vicentek irabazi zuen eta Nazabal bigarrena sailkatu zen. “Lesio honekin ezin da, hau da nire azken plaza” esan zuen Nazabalek. Etxarrikoaren azken aizkorakadak izan ziren haiek.

Nahiz eta Floren Nazabal erretiratua egon, Etxarri Aranatzek ferietan aizkora txapelketak ekartzeari ez dio uko egin, zale asko baitaude herrian eta Etxarrik aizkorarekiko lotura berezia duelako. Horrela, igandean, II. Mailako Aizkora Txapelketako finala izango da jokatuko dena, 13:00etan, Euskalerriari pilotalekuan. Iban Resano dorrobarra izango da Sakanako ordezkari bakarra. Berarekin batera Mieltxo Mindegia (Zubieta), Joxean Etxeberria (Ziga), Eneko Saralegi (Leitza) eta Oier Kañamares (Arostegi) ariko dira lehian. Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko 60 ontzako bi eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu, eta lehen bi sailkatuak lehen mailara igoko dira.