Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketa

Guaixe 2016ko urr. 3a, 14:51

Mindegiak eta Etxeberriak lehen mailara igotzea lortu zuten Etxarri Aranatzen
Iban Resano dorrobarra laugarrena sailkatu zen eta Nafarroako II. Aizkora Mailan jarraituko du

Nahiz eta Floren Nazabal aizkorako txapelketetatik kanpo egon, Etxarri Aranazko ferietan aizkorak ez zuen huts egin. Hala, igande eguerdian Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finala hartu zuen Euskalerriari pilotalekuak. Etxalarko kanporaketan finaletarako txartela lortu zuten aizkolariak lehiatu ziren bertan: Mikel Mindegia (Zubieta), Joxean Etxeberria (Ziga), Oier Kañamares (Arostegi), Iban Resano (Dorrao) eta Eneko Saralegi (Leitza). Aurreikuspenek ez zuten huts egin eta Mikel Mindegiak eta Joxean Etxeberriak lortu zuten lehen mailara igotzea.

Etxarri Aranatzen jokatutako Nafarroako II. Mailako Aizkora Txapelketako finalean bi kanerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten. Aizkora zaleek aurreikusi bezala, hasieratik hartu zuen aurrea Mikel Mindegiak, eta denborak aurrera egin ahala arerioekiko aldea handitzen joan zen, Mieltxo Mindegia aitaren laguntza zuela. Zubietakoa jaun eta jabe izan zen. Aldiz, bigarren posturako lehia oso estua izan zen. Lehen oinbikora iritsi zirenean Oier Kañamaresek bi segundo ateratzen zizkion Joxean Etxeberriari, eta laugarren enborrean, aldiz, Etxeberriak aurreratu zuen Kañamares.


Mikel Mindegiak 16 minutu baina gutxiagoan despeditu zituen lanak (15:40) eta merezitako txapelduna izan zen. Minutu luzea pasata osatu zuen lana Joxean Etxeberriak (17:08). Azkenean, Etxeberriak 7 segundo atera zizkion Kañamaresi (17:15). Iban Resano dorrobarrak laugarren postuan bukatu zituen lanak (18:24) eta Eneko Saralegi izan zen azkena (18:35). Horrela, Mikel Mindegia eta Joxean Etxeberria lehen mailara igo dira. Iban Resano dorrobarrak bigarren mailan jarraituko du. Etxeberriarendako asteburu borobila izan da, larunbat arratsaldean Euskal Herriko III. Mailako Txapelketako finala irabazi baitzuen Igantzin.

Floren Nazabal Etxarriko aizkolari handiak jantzi zion txapela Mindegiari. Bestalde, Etxarriko jaialdian Aimar Galarraga harrijasotzaileak 160 eta 100 kiloko harriekin eta harri borobilarekin altxaldiak egin zituen.