Lagun Artea laugarrena da eta Etxarri zortzigarrena

Guaixe 2016ko urr. 3a, 15:29

Lagun Arteak etxean irabazi zuen.

Preferente maila. 3. jardunaldia: Lagun Artea 2 – Doneztebe 1 / Etxarri Aranatz 2 – Beriain 2

Lagun Arteak 3 puntu baliotsu lortu zituen etxean jokatutako partidan Donezteberi 2 eta 1 irabazi eta gero. Lehen zatian Lagun Arteak kontrolatu zuen baloia eta dominatzaile argia izan zen. Horrela, Burillok eta Pitik 2 eta 0 aurreratu zuten talde txuria eta gol gehiago sartzekotan izan ziren ere lakuntzarrak. Baina, bigarren zatian, erasora pasa zen Doneztebe, aurrean jokatu zuen eta Lagun Arteakoak defentsara aritzera bulkatu zituen. Nekea ere somatu zitzaien lakuntzarrei eta, horrela, gola sartzea lortu zuen Doneztebek 57. minutuan. Zorionez, markagailua ez zen gehiago mugitu eta 3 puntuei eutsi zieten lakuntzarrek.

Etxarri Aranatzen, aldiz, jokoan zeuden 3 puntuetatik soilik bati eutsi zion Etxarrik. Aipatzekoa da lehen zatia ez zela oso ikusgarria izan. Hori bai, nabarmentzekoa izan zen Alainek sartutako gola, txilena antzekoa. Baina Etxarriri gutxi iraun zion pozak, Beriainek berehala berdindu baitzuen. Bigarren zatian gol aukera nabarmenak galdu zituzten bi taldeek. Etxarri berriro aurreratu zen, Xabatek penaltiz sartutako golarekin baina, tamalez, akats bat tarteko etxarriarren ate propiora sartu zen baloia eta bina berdindu zuen Beriainek. Horrela despeditu zen partida.

Beti Casedano da preferente mailako lider berria, 7 punturekin. Lagun Artea 4. Postura igo da (7 puntu) eta Etxarri Aranatz 8.a da (4 puntu). Asteburuan Beriain izango du aurkari Lagun Arteak eta Bidezarra Etxarri Aranatzek.