Tokikom Sariak

Zuretako Guaixe-ko azal, eduki eta ikus-entzunezko onenak zein dira?

Guaixe 2016ko urr. 5a, 16:33

Sakandarrek www.guaixe.eus bidez aukeratuko dituzte Guaixek Tokikom Sariak-era aurkeztuko dituen lanak.

Euskal Herri osoko 60 toki komunikabide batzen dituen Tokikom-ek, Toki Komunikabideen Bateraguneak. Toki komunikabideek ekarpen handia egiten diote gertuko komunitateari, ikuspuntu informatibotik zein komunitatearen dinamizazioaren ikuspegitik, baina hala ere, bigarren

mailakotzat jotzen dira sarritan. Tokikom-ek irudi hori apurtu eta euskarazko komunikabide txikien lana gizarteratu eta aitortzeko asmoz Tokikom Sariak banatuko ditu estreinakoz aurten. Sariek komunikabideotan egiten den lana ezagutarazi eta hizpide bihurtu nahi du Tokikom-ek.

Hiru sari banatuko ditu Tokikom-ek, 2015eko irailaren 1etik 2016ko irailaren 1era toki-komunikabideetan argitaratutako lanen artean: portadarik onena, edukirik onena, eta ikus-entzunezkorik onena. Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea lastailaren 14ra arte zabalik daude. Guaixe fundazioak lehiaketan parte hartzea erabaki du. Baina aurkeztuko dituen lanak irakurleek aukeratzea erabaki du. Hala, heldu den astearte eguerdira arte azken urtean argitaratutako 6 azal web gunean ikusgai izanen dira. Gogokoenaren alde botoa eman eta boto gehien duen azala lehiaketara aurkeztuko dugu.

Ikus-entzunezkoak ere sortzen ditu Guaixek. Haietako hiru aukeratu ditugu. Hiru horien artean aukeratzeko www.guaixe.eus -en inkesta jarri dugu. Gogokoenaren alde egin eta babes gehien jasotzen duen bideoa aurkeztuko dugu Tokikom Sariak-era. Azkenik, edukiak daude. Asko direnez eta irakurleen gustuak ere anitzak direnez, gogoko artikulu, erreportaje edo elkarrizketa zein den adieraziz fundazioa@guaixe.eus e-postara mezua idatzi daiteke.

Sari banaketa
Tokikom Sariak azaroaren 14an banatuko dira, Arrasateko Garaia Poloan egingo diren Tokikom Jardunaldien baitan. Jardunaldion gai zentrala toki komunikabideen orain arteko ibilbidea eta, batez ere, etorkizunerako gakoak izanen dira.