Suhiltzaile gehiago eskatu dituzte

Guaixe 2016ko urr. 6a, 14:47

Makina bat suhiltzailek Nafarroako Jauregiaren parean kontzentrazioa egin zuten asteartean eta zerbitzu publikoen alde, suhiltzaile gehiago behar ditugu leloa zuen pankarta zabaldu zuten. Nafarroako suhiltzaileen langileen batzordeko buru Iñigo Balbasek gaztigatu zuenez, “oso egoera larrian dago suhiltzaileen zerbitzua, eta gizarteak jakin behar du. Suhiltzaile gehiago behar direla, zerbitzuaren etorkizuna bermatu ahal izateko”.

Gaur egun 340 suhiltzaile daude herrialdean eta haien 388 izan beharko liratekeela defendatzen dute. Jakinarazi zutenez, Altsasuko suhiltzaileen etxean hiru suhiltzaile egon beharko lukete uneoro, “aurten, behin baino gehiagotan bi bakarrik egon dira”. Lau alderdiek babesten duten duten gobernuak proposatutako neurriak “behin-behinekoak” direla nabarmendu zuen.

Mari Jose Beaumont Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilariak suhiltzaileen aldarrikapenak “zilegizkoak” direla aitortu zuen. Abian den Lan Eskaintza Publikoa ezin dela moldatu argitu zuen. Azaldu zuenez, apirilean 30 suhiltzaile berri lanean hasiko dira. Heldu den urteko deialdian 15plaza berri aurreikusten dira, baina kopurua handitzeko aukera aztertu beharko dutela azaldu zuen, “bere garaian sindikatuek eta administrazioak adostutako gutxieneko kopuruak lortu ahal izateko”.