Mendialdean ekonomia jarduera eta enplegua sortzeko 6 milioi euro

Guaixe 2016ko urr. 6a, 19:47

Cederna-Garalurek diru-lagutza deialdia eginen du. Hartara ibarreko ekintzaile, enpresa, udalak edo edozein entitatek aurkeztu dezake bere proiektua.

Nafarroako Gobernuak 17 milioi euro bideratu ditu 250 udalerritan jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea ahalbidetuko duten estrategiak sustatzeko, lurralde osoan garapen orekatua lortzeko xedez. Helburu horrekin Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko Departamentuak, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu Nafarroako Toki Ekintzako Taldeekin. Horien artean dago Cederna-Garalur elkartea, 5.997.990 euro jasoko dituena. Maite Iturre lehendakariak sinatu zuen hitzarmena.

Hitzarmenak 2014-20 Landa Garapeneko Programaren (LGP) LEADER ekimenaren barnean ezarri dira. 17 milioi euro horietatik, 11 Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsarekin (FEADER)batera ordainduko dira, eta gainerako 6 milioiak Nafarroako Gobernuak ordainduko ditu oso-osorik.

Hitzarmenen aurkezpenean, Isabel Elizalde kontseilariak Leader ekimenarekin aurrera jarraitzeak duen garrantzia azpimarratu du, "funts horiek gure landa-ingurunearen garapen orekatu baterantz joateko oinarrizko zutabe bilakatu direlako, eta inbertsioa, enplegua sortzea eta nafar guztien bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen dutelako". Ildo horretan, iragarri du Gobernuak martxan jarri duela LGP aldatzeko prozesua eta, horri esker, 1,5 milioi euro (1.528.000 €) handitu ahal izango dela toki-ekintzako taldeentzako diru-kopurua.

Leader programa
Leader landa-arloa toki-garapeneko estrategien bitartez dinamizatzeko tresna bat da. Estrategia horiek sektore anitzeko ikuspegi batetik sortuak dira, landa-lurraldeetako gizarte- eta ekonomia-eragileen lankidetzan oinarrituak; eta toki-ekintzako talde bakoitzak bere lurraldearen beharren arabera diseinatu eta gauzatuak.

Hala, talde bakoitzak bere lurralde-estrategia landu du, ingurune bakoitzaren beharrei, haren profilaren eta bertako biztanleen eskaerei erantzunez. Ildo horretan, aurreikusten diren neurriek aukera emango dute enpresen, landa-biztanleen oinarrizko zerbitzuen, olgetarako azpiegituren, turismoaren edo ondarearen garapenari dagozkien gaiei erantzuteko.
Leader metodologiak burutzeko modua du bereizgarri, "ez baita foru-administraziotik egiten; aitzitik, ekimenak lurraldetik bertatik sustatzea, dinamizatzea eta proposatzea dira bere oinarriak" esan du Kontseilariak, toki-ekintzako taldeek programaren arrakasta ziurtatzeko betetzen duten funtzio garrantzitsua gogoratu duenean.

Cederna-Garalur elkartea
1991n sortua, bere lurralde-esparrua da guztira 84.000 biztanle dituzten Nafarroako Mendiko 118 udalerrirena. 105 erakunde publiko eta 25 pribatu ditu elkartuta.
Bere ekintzen ardatzak honako hauek izango dira:
· Biztanle-kopuruari eustea eta finkatzea.
· Lehen mailako sektore eta basogintza lehiakor eta berritzaileak garatzea
· Baliabide naturalen ustiapen eraginkorra
· Zerbitzuen sektorea garatzea eta ondareari balioa ematea.
· Industria-sektorea indartzea eta enpresen eta enpleguaren sorrerari bultzada ematea.