Âme&Art

Ilazki Martirena 2016ko urr. 7a, 08:10

kolaboratzaileak

Iruñeko Baluarten bostgarren Âme&Art ospatu da, urriaren 1ean eta 2an. Âme&Art jaialdiak,  diseinua, moda, artea, musika eta gastronomia elkartzen ditu.
Edizio honetan Baluarteko hiru solairuak xarmaz bete dira. Beheko solairuan artista ezberdinek izugarrizko arte erakusketa antolatu dute. Lehendabiziko solairuan sortzaileok gure lanak erakutsi eta saltzeko aukera izan dugu. Era askotako lanak aurki zitezkeen bertan: diseinuozko arropak, bitxiak, osagarriak, dekoraziozko objektuak... erosteko aukera ez da falta izan. Atseden hartzeko edo lagunartean zerbait hartuz solasean aritzeko aukera ere bazen, goiko soalairuan. Umeentzat tailerrak ere jarri dira.

Nik lehendabiziko solairuko azokan eman dut asteburu osoa, arropa sortzaile gisa izan dut bertan nire lekutxoa, eta halaxe, aukera izan dut azkenengo hilabete hauetan sortu ditudan arropak erakusteko eta saltzeko. Nire markaren izena "Ilazki Martirena" da eta jaialdi honek aukera ematen du izena ezagutzera eamateko. Oso zaila da, batez ere hasieran, lanak erakusteko gunea topatzea, kontaktuak egitea eta markaren filosofia azaldu ahal izatea.

Bartxilergoa bukatu nuenean, patronajean eta josten trebatzeko bi goi ziklo ikasi nituen. Hauek bukatzean, beste hainbat ikasketa ere egin nituen. Konturatu nintzen joskiuntza munduan izena edukitzeko eta, batez ere, eskarmentua lortzeko lehiaketetan parte hartzea garrantzitsua izan zitekeela. Egia esan, une hartan ez nekien merezi zuenik halako proiektuetan parte hartzea, denbora eta diru kostu handia baitzekarren. Baina gaur egun, denbora aurrera joana dela, konturatu naiz oso garrantsziztsua izan zela.
Denbora gutxi daramat nire kabuz lanean, tailerrean igarotzen dut eguna eta behin kolekzioa bukatutakoan zaila izaten da arropak ateratzea. Âme&Art bezalako ekimenek asko laguntzen dute norberaren lanak kanpora ateratzen eta jendearen artean ezagutarazten. Eskerrak eman nahi dizkiet hemendik Âme&Art aurrera ateratzen laguntzen duten pertsona guztiei; eta zuek, berriz, bertan inoiz izan ez bazarete, gonbidatuak gelditzen zarete hurrengo edizioan bisitan joatera.

Ilazki Martirena