Sakanako Laborantza Foroaren aurreneko hitzordua

Guaixe 2016ko urriaren 11

Ostegunean, 18:00etan, Arbizuko Utzugane garapen zentroan.

Lehen sektorean lan egiten duten ibarreko nekazari eta abeltzainak Sakanako Laborantza Forora gonbidatuta daude. Sakanako Garapen Agentziak sustatu du foroa. Ibarreko lehen sektorearen topagunea izateaz aparte, bilkurek beste eskualdeetako lehen sektoreko esperientziak ezagutzeko aukera emanen du. Etxaldeko nekazaritzak eta abeltzaintzak etorkizunik badu? Galdera hori Sakanako Laborantza Foroaren aurreneko hitzorduan eginen da. Eta erantzuna Idokiko ordezkariek emanen dute.

Ipar Euskal Herriko Etxe Ekoizleen Elkartea da Idoki, laborariek 1989an sortu zutena. Honako helburuak ditu elkarteak: etxe-ekoizleak defendatu, ordezkatu eta egituratu; elkarrekin informazioa hartu, trukatu eta eskuratu eta Euskal Herriko etxe ekoizpenak identifikatu, ezagutarazi eta saldu.
Horretarako, etxe ekoizpenen transformatzea eta saltze eta komunikazio urratsak lagundu eta 1992an sortutako Idoki kalitate ziurtagiria ezagutarazten du.

Elkarteak bere ibilbidean hainbat lan-ardatz landu ditu etxe ekoizleak egituratzen laguntzeko, produktuen kalitatea eta berezitasunak kontutan hartuz. Hala, Idoki ezagutarazi eta elkarrekin saltzeko urratsak eman dituzte, janariaren sanotasuna, kalitatea eta ekoizpenaren dibertsifikazioa aztertu dute edota kontsumitzaile taldeak sortu dituzte. Guztia “laborantza iraunkorra” bulkatzeko.