Lagun Artea da lider berria

Guaixe 2016ko urr. 10a, 10:07

Preferente maila. 4. jardunaldia: Beriain 0 – Lagun Artea 2 / Bidezarra 1 – Etxarri Aranatz 1

Preferente mailari hasiera bikaina eman dio Lagun Arteak. Lakuntzako taldea lider berria da, Beriaini 0 eta 2 irabazi eta gero. Egia esan, partida nahiko kaxkarra izan zen, baina lakuntzarrak punteria hobea izan zuten eta hori esker ekarri zituzten hiru puntuak. Lehen zatian Beriainek dominatu zuen eta lakuntzarrak atzean jokatu zuten. Atsedenaldia baino lehen, eta Lagun Beriainen atera iritsi zen jokaldi ia bakarrean gola sartu zuen Josebak, Lagun Artea aurreratuz. Bigarren zatian Beriainek ezin izan zion egoerari buelta eman eta kontraeraso bikainean bigarren gola sartu zuen Lagunek, Danieli esker. Horrela despeditu zen partida.

Bestalde, Noainen bana berdindu zuten Bidezarrak eta Etxarri Aranatzek, oso partida lehiatuan. Partida hasi eta 15 minutura Xabat bakarrik gelditu zen Bidezarraren atezainaren aurrean, baina gol aukera ez zuen aprobetxatu, eta Bidezarrak ere gol aukera paregabe bat huts egin zuen. Hortik aurrera Bidezarrak hartu zuen partidaren kontrola eta Mugetak Noaingo taldea aurreratzea lortu zuen 26. minutuan. Bigarren zatian gora egin zuen Etxarrik, bikain jokatu zuten eta Xabatek bana berdintzea lortu zuen, penaltiz. Jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Bidezarra baina Noaingoek ongi defendatzen jakin zuten eta, azkenean, puntu berdinketarekin despeditu zen lehia.

Lakuntza lider berriak 10 puntu ditu eta 2 puntu ateratzen dizkio bigarrenari, Beti Casedanori. Etxarri Aranatz 9.a da, 5 punturekin. Asteburuan Lagun Arteak Bidezarra hartuko du eta San Andresen kontra ariko da Etxarri Aranatz.