Otsoportilloko lezeko lau, identifikatuta

Guaixe 2016ko urr. 10a, 12:33

Aranzadi zientzia elkarteko kideak Otsoportilloko lezetik gutxienez sei pertsonen hezurrak atera zituzten. Egun berean eraildako senideei DNA laginak hartu zizkieten. Zientzialarien lanak emaitza eman du eta Otsoportillon eraildako lau zein diren identifikatzea lortu dute: Meliton Agirre Lezea olaztiarra, Francisco San Roman Galbete Urdiainen bizi zen altsasuarra eta Domingo eta Francisco San Roman Otxoa anai ziordiarrak. Emaitzak jakin ondoren Nafarroako Gobernua senideekin harremanetan jarri da, hezurrak emateko protokoloa ezarri eta aktibatzeko.

Aranzadik jakinarazi du Iberoko Zurbaoko hobitik berreskuratutako beste hezurdura bat identifikatu  duela. Iruñeko zinegotzi bat da. Aurretik Victor Martirena Alegria uhartearraren hezurdura identifikatu zuten. Han egon beharko luketen Silverio Astiz Ezkurdia eta Silverio Astiz Lakuntza aita-seme uhartearren gorpuak identifikatzea falta da.

Zein da zein
Meliton Agirre Lezea
1895eko martxoaren 10ean jaio zen Martina eta Lorenzoren semea Olatzagutian. Teresa Gastaminza Goikoetxearekin ezkondu zen eta 5 seme-alaba izan zituzten. Porlandegiko langilea zen, UGTko kide eta buru. 41 urte zituela erail zuten 1936ko agorrilaren 24an.

Francisco San Roman Galbete
Urdiaindarra, Josefaren eta Juan Estebanen semea 1901eko maiatzaren 20an jaio zen Altsasun. Maria Goikoetxea Solanarekin ezkondua, lau seme-alaba izan zituzten (Migel, Ruperto, Josefa eta Mª Rosalia). Porlandegian lan egiten zuen. 1936Ko irailaren 25ean fusilatu zuten. Hil zutenean 35 urte zituen.

Domingo San Roman Otxoa
1898ko garilaren 6an jaio zen Tomasaren eta Pedro Migelen semea Ziordian. Ezkongabea zen. Porlandegian lan egiten zuen eta UGTko kidea zen. 38 urterekin hil zuten 1936ko irailaren 5ean. Haren anaia Francisco ere erail zuten.

Francisco San Roman Otxoa
Tomasaren eta Pedro Migelen semea 1902ko azaroaren 1ean jaio zen Ziordian. Ezkongabea. Porlandegian lan egiten zuen eta UGTko kidea zen. 1936ko irailaren 6an fusilatu zuten, 34 urte zituela. Haren anaia Domingo ere horrela hil zuten.

Erlazionatuak